500 lagun inguruk hartu dute parte Palestinaren aldeko martxan
500 lagun baino gehiago hartu zuten parte, atzo, Ermuko eta Eibarko herri plataformek Palestinako herriari babesa emateko antolatu
zuten manifestazio bateratuan. Martxa bi zutabetan banatu zen, bata Ermuko plazatik eta bestea Untzagatik irten zelarik, eta herri bien artean dagoen Sallabenteko frontoian egin zuten bat.
Martxaren amaieran ekitaldia egin zen eta Patxi Dinamita musikariak emanaldia eskaini zuen. Gainera, orain dela zortzi hilabetetik gaur egunera arte Gazako herritarrek egunero pairatzen dituzten bonbardaketen alerta gogora ekartzeko, sirenak jo zituzten, "Israelgo bonbek denbora horretan hil dituzten ia 40.000 pertsonen gorputzak irudikatzen ziren bitartean", antolatzaileen berbetan.
Ekitaldian irakurritako idazkian, antolatzaileek "Israelek nazioarteko zuzenbidea, Nazioarteko Justizia Gortearen aginduak, NBEren ebazpenak, giza eskubideak eta bizitza zapaltzen dituela" salatu dute. Era berean, adierazi dute "ez dutela erokeria hau geldiaraziko gure gobernuek zigor ekonomikoak ezarri eta genozidio honen erantzuleekin harreman komertzialak eten arte".