55,7 milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du Udal Gobernu Taldeak 2025. urterako

Jon Iraola alkateak, Ana Telleria Ogasuneko zinegotzi eta udal talde sozialistako bozeramaileak, eta Alberto de la Hoz EAJ-PNV udal-taldeko bozeramaileak Eibarko Udalaren 2025erako aurrekontu-aurreproiektuaren ildo estrategikoak aurkeztu zituzten barixakuan egindako prentsaurrekoan.
55,7 milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du Udal Gobernu Taldeak 2025. urterako
2024/12/23 12:06
eta kitto!

Aurten gerrikoa estutzen aritu eta gero, datorren urtean berriz ere inbertsioak egin ahalko direla iragarri du Udal Gobernu Taldeak. Horrela, 2025. urterako 55,7 milioi euroko aurrekontu-aurreproiektua aurkeztu diete oposizioko alderdiei, Eibarko EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi. Hori aztertu eta ekarpenak egiteko hamabost laneguneko epea izango dute, eta aurreikusitako betez gero, urtarrilaren lehen hamabostaldian aurrekontu-proposamena Osoko Bilkuran onartzeko moduan egotea espero dute.
Aurtengo aurrekontuarekin alderatuz gero, bost milioi eurotik gorako igoera dago. Alkatearen berbetan, “2025. urtean, pultsua berreskuratzeaz gain, oso obra garrantzitsuak egingo dira, herriko sektore ekonomikoak zein auzoak biziberritzeko balioko duten obra garrantzitsuak egingo dira”. Aurrekontu-kapituluen arabera, udal-baliabide gehien ondasun arrunten eta zerbitzuen gastuetarako bideratzen dira, 18 milioi euro inguru (gastuaren guztizkoaren %32,16). Hala ere, aurreko urteetan kapitulu hori igo egin bazen ere, “aurten gastuaren kontentzio- eta arrazionalizazio-ariketa arduratsu bat egin da, eta ez dago aldaketarik iazko ekitaldiarekiko”.  
Eibarko sozialistek eta nazionalistek osatu berri duten koalizio-gobernuak aurkeztutako aurreproiektuan, gastu-kapitulu garrantzitsuena Pertsonalari dagokio, aurrekontu guztiaren %31,92 horretara bideratuko da eta: “Gastua 17,8 milioi eurokoa da, eta kopuru absolutuetan 1,3 milioi euro baino zertxobait gehiago handitu da iazkoarekin alderatuta”. 
Telleriak azaldutakoaren arabera, gastu hori “batez ere Giza Baliabideen Plan Estrategikoan jasotako neurriak aplikatzearen ondorio da, plan horrek, batetik, plantilla berritzea eta udal-sailen benetako eta etorkizuneko beharretara egokitzea duelako helburu, eta baita herritarrek eskatutako kalitate-estandarrekin zerbitzua ematea ere, eta, bestetik, belaunaldien arteko erreleboa eta ezagutzaren transferentzia egokia egitea”. Iraolak nabarmendu duenez, "Administrazioek aurre egin beharreko erretiro masiboen aurrean –2024an, plantillako 63 kidek 63 urte baino gehiago dituzte–, helburua da erreleboak irauten duen bitartean ez dadila langileen ezagutzarik galdu. Horregatik, Giza Baliabideen Planak 6 hilabeteko mentoretza-programa bat aurreikusten du kasu gehienetan. Programa horretan, erretiroa hartuko duen langileak eta haren eginkizunak hartu eta erreleboa egingo duenak batera egongo dira aldi batez; horrek esan nahi du denbora batez plaza ‘bikoiztuak’ egongo direla, eta hortik gastuaren igoera, nahiz eta etorkizunerako inbertsioa dela esango nukeen”.
Inbertsioen kapitulua, bestalde, 13 milioi eurokoa izango da, “eta, horri esker, 2024an nahitaez birprogramatu behar izan ziren proiektu batzuk berraktibatuko dira, eta beste batzuk hasiko dira. Proiektu horiek guztiek zerikusia dute hiri-inguruneak hobetzearekin, irisgarritasunarekin, aparkalekuekin, eraikinak balioan jartzeko egokitzapenarekin eta erabilera berrien dotazioarekin”. 

Obra garrantzitsuak egiteko urtea
Ildo horretan, 2025ean amaituko direnen artean hauek lirateke garrantzitsuenak: Torrekua anbulatorio zaharra birmoldatzeko lanak; Barakaldo kalea (Electrociclos ondoan) Estaziño eta Azitain arteko trenbide-trazaduraren pasealeku-zatiarekin lotuko duen igogailua, Bustinduitarren kalea berrurbanizatzeko bigarren faseari ekingo zaio; Arragueta eta Mutiola kaleetan ere obrak egingo dira; San Juan – Mekola atzealdeko urbanizazioa, Jardiñetako aparkalekua eta kale bereko 25 eta 31 zenbakien arteko bi igogailuetako lehena; geroago egingo da bigarrena, parkingarekin lotzeko; eta proiektua idatzi eta kreditua badago, Ubitxako aparkalekua egingo da. 
Obra txikien atalean, 640.000 eurorekin, honako lan hauek sartu dira: Fermin Calbeton kaleko hezetasuna-arazoak konpontzea, Arragueta kaleko 16 zenbakiko eraikina botatzea, Ubitxako plazatxoa birmoldatzea, Argatxako arrapalak egitea, eta Sostoatarreneko eskailera-mekanikoa aldatzea. Gainera, baserritarrekin lortutako akordioa betez, bailaretako landa-pistak berritzeko eta hobetzeko eskaerei erantzungo zaie. Era berean, 2025ean, Eibarko ikasleentzat instalazioak hobetzeko lanak egingo dituzte.
Azpimarratu zutenez, “zalantzarik gabe, ekitaldi garrantzitsua izango da Barrena kalea berroneratzeari eta biziberritzeari dagokionez. Izan ere, Estaziño eta Azitain lotuko dituen pasealeku-proiektuak aurrera egiten jarraitzeaz gain, eta beharrezko eraispenak egin ondoren, Hijos de Gabilondo fabrika zaharrean udal-ekipamendu berria adjudikatu eta gauzatzen hasiko da. Funtzio anitzeko eraikin bat izango da, eta bateratu egingo ditu, alde batetik, jarduera ekonomikoa dinamizatzen laguntzeko eta ekintzailetza sustatzeko espazioak, eta, bestetik, herritar guztiek eta, bereziki, inguruko bizilagunek erabil eta disfrutatzeko espazioak. Eraikina birgaitu ondoren, ingurua eta Barrena kalea berrurbanizatuko dira. Bi jarduketen kostua, alegia, eraikinari bigarren bizitza ematea eta inguruaren hiri-kalitatea hobetzea, 10 milioi eurokoa izango da”. 
Gainera, “hobekuntza handiak egingo dira, ekipamenduari eta mantentze-lanei dagokienez, bai hiru kiroldegietan, bai Astelena pilotalekuan. Inbertsio eta mantentze-partiden batura 700.000 eurotik gorakoa izango da”. 
Bestalde, Alberto de la Hoz EAJ- PNVko bozeramaileak nabarmendu nahi izan du partida ezberdinak sartu direla jeltzaleen presidentzia duten arloetan, “eta baita beste hobekuntza batzuk ere beste arlo batzuetan. Horiek guztiek indartu egiten dute planteatzen dugun hiri-eredua”. Arragueta berroneratzeaz gain, Ubitxako aparkalekua egitea ezinbestekotzat jotzen dute. Izan ere, bere taldea aspalditik eskatzen ari den proiektua da eta. 
EAJk kontrolatzen dituen arloen artean, azpimarratu behar da zuntz optikoko sare baten hedapena hasiko dela, udal-eraikinak eta azpiegiturak lotzeko, "Eibar konektatua eta, aldi berean, seguruagoa ahalbidetuko duena. Horri esker, trafiko-kamerak ezarri ahal izango ditugu herriko hainbat gunetan, Udaltzaingoarentzat eta Ertzaintzarentzat lagungarri izango direnak beren lanean”. Plan horrek hainbat fase aurreikusten ditu, eta erdigunetik hasi eta auzoetara zabalduko da ondorengo urteetan. Horrez gain, Legarreko, Jardiñetako eta Amañan egingo den aparkalekuetan zaintza eta argiztapena ipiniko dute. Gainera, aurrekontuan aurreikusi da beste bi aparkaleku egiteko proiektua, nahiz eta oraindik aztertzen ari diren. 
Udaleko EAJ-PNVren ardurapean dauden arloekin jarraituz, Karmen eta Zuloagatarren  kaleetan haurren jolasguneak berritzeko partidak sartu dira, eta 2024an egiteko geratu zen Txaltxa-Zelaiko kirol kantxa egitea ere sartu dute. Aurrekontuak akordio bat ere jasotzen du Zuloagatarren kalean eliza ingurua eta parkea eraberritzeko proiektu bat idazteko. Bestalde, Berdintasuna Arloko pertsonala indartuko da, “Andretxeak ematen duen zerbitzu ona mantenduz, eta Udalak Ego Ibarraren eta Euskararen bidez ematen dituen bekei aurrekontu gehigarria emango zaie”. 
Amaitzeko, “eta gure herriko berdeguneak eta aisialdi-guneak zaintzeko helburuarekin, lanean jarraitzen dugu lehendik dauden eremuak behar bezala mantentzeko, eta zuhaitzak landatzeko plan bat bultzatuko dugu, naturarekin lotuko gaituzten eremu gehiago eta hobeak behar ditugula uste baitugu”.