600 eibartarrek baino gehiagok babestu dute sokamuturraren aurkako eskaera
Euskal Herriko animalien aldeko hainbat elkartek eta kolektibok gutuna bidali diete Jon Iraola alkateari eta Andoni Zabala Kultura zinegotziari, San Juan jaietarako aurreikusitako sokamuturra bertan behera uzteko eskatuz.
Elkarteek azaldu dutenez, asteburu bakarrean 600 eibartarrek baino gehiagok sinatu dute sokamuturraren aurkako eskaera, eta inguruko beste 76 lagunen babesa ere jaso dute. Horrenbestez, Udalari eskatu diote erabakia berriz aztertzeko eta, haien hitzetan, “animalien eskubideetan atzerakada” den neurria ez gauzatzeko.
Sinatzaileen arabera, sokamuturraren itzulera “inposaketa” izango litzateke. Gogorarazi dutenez, 2014an adostasun bat lortu zen Eibarren animalien aurkako tratu txarretan oinarritutako jarduerak baztertzeko, eta udal gobernuari eskatu diote orduko bideari eusteko. Sinatzaileek Udalari eskatu diote 2014an lortutako adostasunera itzultzeko, eta Jon Iraola alkateari zein Andoni Zabala Kultura zinegotziari "beren alderdiaren eraginetik urruntzeko ausardia" izatea galdegin diete. Testuan adierazten dutenez, "jakina da Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak tauromakia gustukoa duela", baina haien ustez "animaliak babesteak sigla politikoen gainetik egon behar du".
Era berean, gardentasun handiagoa ere galdegin dute. Udalak sokamuturra berreskuratzeko arrazoietako bat gazteen eskaera izan dela adierazi duela gogoratuta, eskaera hori nork egin duen eta zenbateko babesa izan duen argitzeko eskatu dute. Haien esanetan, “asteburu eskas batean Sanjuanetan sokamuturra nahi ez duten 600 eibartar baino gehiagoren babesa jaso dugu, eta kontuan hartu beharko lirateke”.
«Zer mezu transmititzen zaie haur, nerabe eta gazteei?»
Komunikatuan haurren eta gazteen heziketaren inguruko kezka ere agertu dute. Nazio Batuen Erakundeak adingabeak animalien aurkako indarkeriatik babesteko egindako gomendioak aipatu dituzte, eta galdera hau luzatu dute: «Zer mezu transmititzen zaie espazio publikoetan normalizatzen den horretatik ikasten duten haur, nerabe eta gazteei?».
Bestalde, sokamuturraren ordez bestelako jarduerak antolatzeko aukerak badaudela defendatu dute, hala nola kirol ekitaldiak edo herri ekimenak.
Horrez gain, ekainaren 16rako, 19:00etan, Untzaga plazan deitutako elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute. Mobilizazioaren bidez, San Juan jaietan ekainaren 21, 24 eta 25erako aurreikusitako sokamutur saioak bertan behera uztea eskatu nahi dute.
«Eskaera hau ez da zentzugabekeria, zientzian oinarritzen da. Animalien aurkako tratu txarrek ez dute lekurik Eibarren, eta Jon Iraola alkateak atzera egin behar du animalien ongizatearen aldeko atzerakada honetan», adierazi dute.
Babesa eman duten eragileak
Komunikatua Eibarko hainbat eragilek eta Euskal Herriko animalien aldeko elkartek sinatu dute. Eibartik, Marcan Huella, Katubeltz eta Eibarko Gaztetxia daude sinatzaileen artean.
Horiez gain, bat egin dute Federación Vasca de Protección Animal-ek (25 elkarteren ordezkari gisa), Sokamuturra Ez, Gipuzkoa Antitaurina, Leioa contra el Maltrato Animal – Animaliekiko Tratu Txarrik Ez, Oinatz, Biziraun, Gureak Elkartea, NOR Euskal Herria Antiespezista, AiA (Aska Itzank Animaliyak) eta Animalistak taldeek, besteak beste.