62.900 euro merkataritzari laguntzeko
Gaur (martitzena, hilak 11) eguerdian sinatu dituzte herriko merkataritzari laguntzeko hitzarmenak udaletxean. Udalak denera 62.900 euro erabiliko ditu sektore horri aurrera egiten laguntzeko, hiru partidatan banatuta: 12.000 euro Merkatu Plaza sustatzeko Eibar Merkataritza Gune Irekiaren aldeko diru-laguntza izenduna bideratzeko hitzarmenean daude jasota; beste 27.000 euro Eibarko Merkatarien Sustapena jarduera burutzeko Eibarko Dendarien Elkartearen aldeko diru-laguntza izenduna bideratzeko hitzarmenean; eta gainontzeko 23.900 euroak lan bitartekaritza sustatzeko, giza-baliabideak prestatzeko eta Eibarko merkataritza biziberritzeko Eibar Merkataritza Gune Irekiaren aldeko diru-laguntza izenduna bideratzeko hitzarmenean.
Miguel de los Toyos alkatearekin batera, Ana Aranberrik (EMGI) eta Nekane Fernándezek (Eibarko Dendarien Elkartea) sinatu dituzte hitzarmenak eta ekitaldian azaldu dutenez, jasotako laguntzari esker besteak beste, dendariak hainbat arlotan trebatzeko ikastaroak eta bestelako ekimenak antolatzeko aukera izango dute. Merkatu Plazak, bestalde, datorren astelehenean (ekainaren 17an) ekingo dio bezeroak erakartzeko kanpaina berriari: erosleei txartelak banatuko dizkiete eta, horiek zabalduta, erosketa txartelen bat irabazi duten ala ez momentuan bertan ikusiko dute. Kanpainak txartel guztiak amaitu arte iraungo du eta denera 5.000 euro banatuko dituzte, balio ezberdina izango duten erosketa-txarteletan.