65 urtetik gorakoentzat eta menpekotasuna dutenentzat otorduak etxera eramateko zerbitzua ipini dute martxan

65 urtetik gorakoentzat eta menpekotasuna dutenentzat otorduak etxera eramateko zerbitzua ipini dute martxan
2017/03/02 13:26
eta kitto!
Udaleko Gizartekintza sailak, herriko jubilatu etxeekin elkarlanean, 65 urtetik gorakoentzat eta menpekotasunen bat dutenentzat zerbitzu berria ipini du martxan, nahi dutenei bazkaria eta afaria etxeraino eramateko. Ekimenak EH Bilduk eta PSE-EEk iazko udal aurrekontuan elkarrekin sartutako zuzenketari erantzuten dio eta Gureak Zerbitzuak enpresakoek izango dute zerbitzuaren ardura. Nahi duenak bazkaria eta afaria etxean jasotzeko aukera izango du, 8 bat euro ordainduta (baldintza bakarra astean gutxienez bost bazkari edo afari eskatzea da). Zerbitzuan interesa dutenek izena eman beharko dute. Jendeari zerbitzuaren inguruko informazioa emateko asmoz hainbat hitzaldi antolatu dituzte jubilatu etxeetan: atzo Ipuruakoan egon ziren azalpenak ematen eta gaur, berriz, Beheko Tokira joango dira, 17:30ean. Datorren astean, berriz, Untzagan (eguaztenean, 17:00etan) eta Urkin (eguenean, 17:30ean) egingo dute berba.