66 emakume indarkeria matxistaren biktima izan dira Eibarren 2026ko urtarriletik irailera bitartean

Eibarko Udalak jakinarazi duenez, urtarriletik irailera bitartean erregistratu dituzte kasu horiek. Azaroaren 25aren harira, indarkeria matxistari aurre egiteko prebentzioa eta erantzun kolektiboa indartzeko beharra nabarmendu du.
66 emakume indarkeria matxistaren biktima izan dira Eibarren 2026ko urtarriletik irailera bitartean
Irudian: Eibarko Udalbatzak iaz azaroaren 25ean eginiko elkarretaratzea.
2026/11/24 10:42
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarren 66 emakume erregistratu dituzte indarkeria matxistaren biktima gisa 2026ko urtarriletik irailera bitartean. Eibarko Udalak eman du datuaren berri, azaroaren 25aren, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren, harira kaleratutako prentsa oharrean. Erakundeak ohartarazi duenez, kopuru horrek ez ditu indarkeria matxistaren kasu guztiak jasotzen, egoera asko ez baitira salatzen.

Elena Ibañez Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, azkenaldian ugaritu egin dira emakumeen aurkako indarkeria matxistaren existentzia ukatzen duten diskurtsoak. Gazteen artean ere indarkeria hori gutxiesten ari dela adierazi du, eta gizartearen zati batek errealitate arrotz edo ikusezin gisa hartzen duela. Horren aurrean, azaroaren 25etik harago doan kontzientzia kolektiboa eraikitzeko beharra nabarmendu du.

Udalak Berdintasun Zerbitzuaren eta Gizarte Zerbitzuen bidez eskaintzen die arreta indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei. Besteak beste, orientazioa, laguntza eta zerbitzu espezializatuetarako sarbidea eskaintzen ditu, emakume bakoitzaren beharretara egokituta. Aurten, gainera, arreta emozional indibidualizatuko zerbitzua jarri dute abian Andretxean.

Prebentzioaren arloan ere hainbat ekimen garatzen ditu Udalak urte osoan. Hezkuntza proposamenak, sentsibilizazio jarduerak eta ahalduntze eta parte hartze guneak antolatzen ditu, herriko elkarte eta kolektiboekin elkarlanean. Andretxea ere lan horren barruan kokatu du, emakumeen autonomia eta parte hartzea sustatzeko gune gisa.

Azaroaren 25eko egitaraua

Indarkeria matxistaren inguruko hausnarketa sustatzeko, Eibarko Udalak egitarau berezia antolatu du, herriko elkarte eta kolektiboekin elkarlanean. Egitarauaren barruan daude, besteak beste, 'BUNA: Etiopiako emakumeen ahotsak eta erresilientziak' argazki-erakusketa, Pamela Palencianoren 'No solo duelen los golpes' bakarrizketa eta 'La fuerza del silencio' dokumentalaren proiekzioa eta ondorengo solasaldia.

Azaroaren 25ean bertan, 11:30ean, Untzaga plazan 'Indarkeria matxistaren aurkako harilak ehuntzen' jarduera egingo dute, Altzoa Eibarko Alargunen Elkartearekin elkarlanean. 13:00etan, berriz, elkarretaratzea egingo dute. Arratsaldean, Udalak bat egingo du mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin.

Udalak herritarrak egitarauko jardueretan parte hartzera eta indarkeria matxistaren aurrean jarrera aktiboa izatera deitu ditu.