‘Isiltasunaren indarra’ dokumentala ikusi eta solasean aritzeko aukera izango da gaur Andretxean
Tigrayko (Etiopia) emakumeen bizipenak jasotzen dituen ikus-entzunezkoa 18:00etan proiektatuko dute. Aurretik, BUNA argazki-erakusketaren bisita gidatua egingo dute, eta emanaldiaren ostean, solasaldia izango da Egoaiziarekin eta filmaren lantaldearekin.
2026/11/2412:14
Irati Alvarez Malaxetxebarria
La fuerza del silencio (Isiltasunaren indarra) dokumental laburra eskainiko dute gaur, azaroak 24, Eibarko Andretxean. 18:00etan hasiko da emanaldia, eta Tigray eskualdeko (Etiopia) emakumeen errealitatera eta bizipenetara gerturatzeko aukera izango da. Ekimen hau Azaroaren 25aren harira Eibarren antolatutako egitarauaren barruan dago.
Samuel Velak zuzendutako eta LuzNorte Filmsek ekoitzitako ikus-entzunezkoak 17 urteko Leyebirhanen istorioa du oinarri. Gerrak haren bizitza eten zuen: bahitu eta sexu-indarkeria jasan zuen. Ondoren, haurdun geratu zen, eta haurra izan ostean, bakarrik eta familiaren zein komunitatearen babesik gabe geratu zen.
Dokumentalak gerraren ondorioz sexu-indarkeria pairatu duten emakumeen errealitatea erakusten du, baita ondorengo sendatze-prozesua ere. Minetik abiatuta, sendotasuna eta itxaropena eraikitzeko bideari erreparatzen dio.
Argazki-erakusketa eta solasaldia
Emanaldiaren aurretik, BUNA: Isiltasunaren osteko ahotsak argazki-erakusketaren bisita gidatua egingo dute. Dokumentala amaitutakoan, berriz, solasaldia izango da Eibarko Egoaizia GGKEko kideekin eta filmaren ekoizpen-taldearekin. Bertan, ikus-entzunezkoaren atzean dauden istorioak ezagutzeko eta haien inguruan hausnartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Egoaiziak eta 4YBIN erakunde aliatuak urteak daramatzate Tigrayko komunitateekin elkarlanean, emakumeek beren bizimoduak, espazioak eta aukerak berreskuratzeko prozesuetan bidelagun izaten.