7.000 umek baino gehiagok doan hartu dute parte Gabonetan antolatutako jardueretan

Jarduera bisitatuenetakoa Astelena Haur Parkea izan da. Bertan, batez beste 358 ume ibili dira egunero parkean. Untzagan egon den Txirristan batez beste 216 ume ibili dira egunero.
7.000 umek baino gehiagok doan hartu dute parte Gabonetan antolatutako jardueretan
2025/01/13 11:40
eta kitto!

Eibar Merkataritza Gune Irekiak eta Eibarko Udalak antolatutako jarduerek bisitari asko izan dituzte. Jarduera bisitatuenetako bat Astelena Haur Parkea izan da. Bertan, batez beste 358 ume ibili dira egunero parkean, eta bakoitzak pasatu duen batez besteko denbora ordu eta erdikoa izan da. Untzagan egon den Txirristak oso harrera ona izan du, eta batez beste 216 ume ibili dira egunero bertan. Guztira 7.000 erabiltzaile baino gehiago egon dira.

Bi jarduera horiek doan egin ahal izan dira, Eibarko dendetan 20 eurotik gorako erosketak egitean, jarduera horietan trukatu beharreko opari-txartelak lortzen baitziren. 7.005 umek doan hartu dute parte jardueretan: %70ek Astelena Haur Parkean eta % 58k Untzagako Txirristan. 

“Oso pozik gaude aurtengo ekimenek familietan izan duten harrerarekin, batez ere, txikienen artean. 7.005 haurrek jarduera horietan doan parte hartu ahal izateak jardueren arrakasta islatzen du, eta baita Eibarrek aisialdirako espazio irisgarriak eta kalitatezkoak eskaintzeko duen konpromisoa ere”, adierazi du Jon Iraola alkateak.

Era horretan lortu da herriko establezimenduetako kontsumoaren eta haurrei zuzendutako jarduera antolatuen arteko lotura bat egitea.

Gogorarazi behar da Astelena Haur Parkeak zabalik jarraituko duela larunbatero otsailaren 15era arte, 11:00-14:00 eta 16:30-20:30 ordutegian, eta erabili ahal izango direla Eibarko establezimenduetan kontsumitzean lortzen diren opari-txartelak.

Era berean, herriko hiru tokitan (Txaltxa Zelai, Urkizu eta anbulatorioaren aurrean dagoen parkean) jarritako barraketan 45.000 tiket baino gehiago erabili dira, Eibarko establezimenduetan banatu direnak. Horrela, merkeago ordaindu dira atrakzioak. Anbulatorioaren aurrean dagoen Karruselak martxan jarraituko du urtarrilean zehar.

"Gabonetako kanpainan programatutako jarduerek balio izan dute Eibarko kaleei bizitasuna eta kolorea emateko, eta bertako bizilagunak hiriko establezimenduetan Gabonetako erosketak egitera animatzeko. Hala, Eibar Merkataritza Gune Irekiak ezarritako helburua lortu du, alegia, Eibar toki erakargarria bihurtzea merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen ikuspegitik", azaldu dute Udaletik.

 

"Oparitu Eibar” txartela

Aurreko kanpainetan egin den bezala, herritarren artean "Oparitu Eibar” izeneko txartela sustatu da, Gabonetako opariak egiteko proposamen gisa. Horren harira, abenduaren 11-18 bitartean erositako txartelen artean zozketa egin zen abenduaren 19an, eta 2.000 euroko diru-kopurua banatu zen opari-txarteletan. Promozio horrek 7.000 eurotik gorako inpaktu komertziala lortu du Eibarko establezimenduetan egindako erosketetan. 

Vanesa Hortas Garapen Ekonomikoko, Enpleguko eta Berrikuntzako zinegotziak adierazi duenez, "oso pozik gaude ekimen honek izan duen eragin positiboarekin, izan ere, tokiko establezimenduetan kontsumoa familiei eta, bereziki, haurren populazioari zuzendutako jarduerekin modu eraginkorrean lotzea lortu dugu. Eibarko bizilagunek eta eskualdeko beste herrietako bisitariek izandako harrera bikainak erakusten du eredu honek bertako ekonomia sustatzen duela, baita herritarren gozamena eta parte-hartzea ere".

“Oparitu Eibar Txartela" www.erosieibarren.eus webgunearen bidez eros daiteke urte osoan zehar.
Jarduera hau Eibar Merkataritza Gune Irekiak sustatzen du, Eibarko Udalarekin, Nafarroako Rural Kutxarekin eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin lankidetzan.