Abian da euskara plana baloratzeko galdetegia
Oraingo plana 2025ean amaituko da, eta Eibarko Udalaren asmoa da hurrengo urtean, 2026an, plan berria diseinatzeko orduan herritarren iritzia eta ekarpenak kontuan hartzea. Horretarako, oso modu errazean bete daitekeen inkesta bat sortu dute. Udalaren eta Eibarren Akebai-ren webguneetan aurkitu dezakezue.
Eibarko Udaleko Euskara Saileko burua den Aiora Arrietak azaldu duenez, "azken urteetako plana baloratu nahi dugu, eta horretarako, herritarren pertzepzioa eta balorazioa edukitzea oso garrantzitsua da, plan berria ahalik eta hoberen bideratu ahal izateko”. Horretarako, galdetegi bat jarri dute martxan, “hor jasota daude 10 urte hauetan egin diren ekintzak, eta oso modu errazean baloratu ahal izango dira; hamar edo hamabost minutu eskasetan bete daiteke galdetegia”, azaldu du Arrietak. Parte hartzeko epea azaroaren 4an amaituko da, eta gainera, azaroaren 11n ekitaldi berezi bat egingo dute Errabalen, herriko eragile eta elkarteekin. “Herritar guztiak animatu nahi ditugu parte hartzera –gehitu du–; ateak irekita daude”.
Eibarko Udaleko euskara teknikaria den Junkal Txurrukaren arabera, galdetegiaren bidez jakin nahi dute “herritarrek ezagutzen dituzten ala ez azken 10 urteotan bideratu ditugun ekintzak eta egitasmoak, eta ezagutzen badituzte, zenbateraino iruditzen zaizkien baliagarriak Eibar euskaldunago bat izateko”. Izan ere, 2016-2025 Plan Estrategikoaren helburua hori izan da: Eibar euskaldunagoa izatea. “Helburu estrategiko moduan jarrita genuen Eibarko ume eta gazteen ingurunea izatea euskararen arnasgune –azaldu du–; ingurune horiek (eskola, familia, kirola eta aisialdia) eragile bihurtzea eta saretzea ezinbestekotzat jo genuen, bakoitza bere aldetik ibili ordez”.
Txurrukak gogorarazi duenez, 2016ko planak badu berezitasun bat: partaidetza-prozesuaren bitartez sortu zela. “Udalak, Miguel de los Toyos alkatearen bitartez, herritarren parte-hartzea bilatu zuen, eta pentsatu zen ondo egongo litzatekeela herritar plataforma bat osatzea plana bideratzeko, ez izatea bakarrik Udalaren egitasmoa. Horrela sortu zen Eibarren Akebai, eta haren aterkipean bideratu da plana”. Plataforma horretan parte hartu dute hainbat eragilek: ...eta kitto! Euskara Elkartea, euskaltegiak, ikastetxeetako ordezkariak eta herritar solte batzuk. Junkalek dioenez, "Eibarren Akebairen aterki hori edukitzea, euskalgintzan gabiltzan guztiok batzen gaituena, gure ustez inportantea izan da, baina herritarrek hori nola bizi izan duten ere jakin nahi dugu, zeintzuk diren erreferentziazko puntuak eurentzako. Beraz, jendea galdetegia betetzera animatu nahi dugu".
Balorazioaren unea
Txurrukaren hitzetan, hamar urte hauetan erronka handiak izan dira: “Pandemia tarteko, gizartean aldaketa handiak eman dira: jendearen fluxuak aldatu dira, teknologia berriek (sare sozialak, adimen artifiziala...) eragin zuzena izan dute…”. Horrek guztiak euskararen erabileran ere eragina izan du. “Euskararen erabileraren gainean jarrita genuen espektatiba ez da bete –onartu du–; erabilera ez da igo, eta pixka bat jaitsi ere egin da”.
Hala ere, datu horiek ez dute etsipenera eramaten: “Ez da Eibarko fenomenoa, baina horrek ez gaitu kontsolatzen; hurrengo planak erronka handiak izango ditu, gaur egungo gizartearen aldaketa eta aniztasunarekin bat eginez”.
Horregatik, funtsezkoa da herritarren iritzia jasotzea. “Agian guk uste dugu gauzak ondo ezagutzen ditugula, baina ez dira hain ezagunak. Edo pentsatzen dugu ekintza batek eragin bat duela, baina gero ez dauka. Horregatik da garrantzitsua galdetegia betetzea”, azpimarratu du Txurrukak.
Profil guztien parte-hartzea
Aiora Arrietak gehitu duenez, galdetegiaren emaitzetan ikuspegi anitza izatea bilatzen dute: “Profil desberdinek parte hartzea oso garrantzitsua da. Galdetegia gaztelaniaz ere badago, euskara ez dakitenen pertzepzioa ere interesatzen zaigulako”. Gainera, ez da eibartarrentzat soilik: “Eibarren lan egiten duen edo herrira maiz etortzen den edonork ere bete dezake galdetegia; gure herrian euskara nola bizi den adierazteko aukera da”.
Gazteen kasuan, galdetegi berezia prestatzen ari dira: “16 eta 18 urte bitarteko ikasleei zuzenduta egongo da, euren ikuspegia jasotzeko; azken batean, eurentzako egiten ditugu programak, eta jakin nahi dugu ezagutzen dituzten eta baliagarritzat jotzen dituzten ala ez”, azaldu du Txurrukak.
Etorkizunera begira
Hurrengo plan estrategikoaren zutabeei buruz galdetuta, Txurrukak, teknologia berriez gain, aniztasuna aipatu du. “Eibarren jatorri desberdinetako pertsona asko bizi dira, eta bideak zabaldu behar ditugu pertsona horiek euskarara gerturatzeko. Bestetik, euskaraz bizi nahi duenari bizimodua erraztea da beste lehentasun bat: kulturaren, administrazioaren, merkataritzaren, aisialdiaren edo ostalaritzaren esparruetan euskaraz aritzeko aukerak sendotu behar dira”, adierazi du.
Azken 10 urteotako planaren gainean hitz egin digu Junak Txurrukak hurrengo bideoan, eta etorkizuneko erronkei buruz ere jardun du.