Eibarko EAJ-PNVk dio euskara “auzitegietatik atera” behar dela eta erabilera indartu behar dela
Eibarko EAJ-PNVk adierazi du euskararen erabilera sustatzea eta indartzea dela lehentasuna, eta hizkuntza auzia ez dela auzitegietako eztabaidetara eraman behar. Hala jaso du alderdi jeltzaleak igorritako prentsa-oharrean, Udaltzaingoan sei lanpostutarako C1 euskara eskakizuna baliogabetu duen epaiaren ondoren.
Epaitegi batek ezarri du Udaltzaingoaren lehen agente guztiei C1 maila eskatzea legez kanpokotzat jotzen dela. Erabaki horren aurrean, EAJ-PNVk azpimarratu du C1 eskakizunak —idatziz zein ahoz euskaraz aritzeko gaitasuna bermatzen duen mailak— gutxieneko baldintza izan beharko lukeela herritarrekin harreman zuzena duten udal langileentzat.
Alderdi jeltzaleak defendatu du bi hizkuntza ofizial daudela Euskal Autonomia Erkidegoan, baina oraindik ez dagoela bermatuta euskaraz bizi nahi duten herritarren eskubidea. Hori dela eta, erakundeen babesa ezinbestekotzat jo dute, eta gogorarazi dute euskararen egoera askoz ahulagoa dela ofiziala ez den lurraldeetan.
Eibarko EAJ-PNVren arabera, hizkuntza ezagutzea ez da nahikoa erabilera bermatzeko, eta administrazioari dagokio herritarrek zerbitzuak euskaraz jasotzea ziurtatzea. Horregatik, herritarrekin harreman zuzena duten udal langileek —Udaltzaingoko kideak barne— euskaraz erraztasunez hitz egiteko eta idatziz jarduteko gaitasuna izan beharko luketela uste dute.
Gainera, jeltzaleek gogorarazi dute Euskararen Erabileraren Normalizazio Plana ere onartu zuela Alderdi Sozialistak, eta, hala ere, epaiaren aldeko jarrera harritu egiten dituela. “Kontraesana da”, adierazi du Aiora Arrieta Arreitunandia Euskara zinegotziak, eta zalantzan jarri du sozialistek ez ote duten partekatzen udaltzain guztiek euskaraz jarduteko gaitasuna izan beharko luketela.
Amaitzeko, EAJ-PNVk berretsi du euskararen aldeko lanean jarraituko duela, erabilera errazteko baliabideak indartuz. Alderdiaren arabera, “hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ez dutelako erabiltzen, baizik eta dakitenek ez dutelako erabiltzen
Eibarren hizkuntza eskakizunen inguruko eztabaida piztuta
Epaitegi batek baliogabetu egin du Eibarko Udaltzaingoko sei lanpostutan C1 euskara maila eskatzea, eskakizuna legez kanpokotzat jota. Erabaki horrek hizkuntza eskakizunen inguruko eztabaida berriro piztu du udal mailan eta herrian.
Eibarko PSE-EEk ontzat jo du epaia, eta azpimarratu du erabaki judiziala lege-esparruaren baitan kokatu behar dela. EH Bilduk, berriz, Udalari helegitea aurkezteko eskatu dio, eta ohartarazi du epaiak euskararen normalizazioan atzerapauso bat ekar dezakeela.
Bestalde, Eibarko Euskalgintzak elkarretaratzea deitu du erabakiaren aurka, C1 eskakizuna “hizkuntza eskubideak bermatzeko funtsezkoa” dela defendatuz. Horrela, auziak hizkuntza politikaren inguruko ikuspegi ezberdinak agerian utzi ditu Eibarren.