ABIAN, Debabarreneko I. Lanbide Heziketa Azoka aurkeztu dute

ABIAN, Debabarreneko I. Lanbide Heziketa Azoka aurkeztu dute
2013/03/08 00:00
eta kitto!

Gaur (barixakua, hilak 8) aurkeztu dute Debegesan martxoaren 14, 15 eta 16an egingo den ABIAN, Debabarreneko I. Lanbide Heziketa Azoka. Debegesak eskualdeko eskaintza formatiboa aurkezteko asmoari jarraituta antolatu du azoka, lanbide heziketako ikastetxeekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.


Azokak eguenean (martxoaren 14an) zabalduko ditu ateak Armeria Eskolako patioan eta hiru egunez egongo da martxan (eguen eta barixakuan 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara eta zapatuan goizez bakarrik). Hiru egunetan hainbat tailer eta hitzaldi egingo dira, dohainik. Egitaraua kontsultatzeko www.debegesa.com webgunera jo daiteke. Antolatzaileen berbetan, "Debabarreneko I. Lanbide Heziketa Azoka publiko zabalari zuzenduta dago, baina bereziki, DBH eta Batxilergoko azken kurtsoetako ikasleei, ziklo formatiboetako erdi eta goi mailako azken kurtsoetako ikasleei, heziketa zentroetako eta erakunde publiko nahiz pribatuetako irakasle, orientatzaile eta formatzaileei, enpresa-erakundeei, langile aktibo eta langabeei eta, oro har, herritarrei, lanbide heziketan interesa duten guztiei".
Helburua bikoitza da: batetik, eskualdeko eskaintza formatiboa aurkeztea eta, bestetik, Lanbide Heziketa lan merkatuaren beharrizanei ondoen egokitutako ikasketa gisara nabarmentzea. Tailer eta bestelakoetan parte hartzea musutruk da, baina aurretik izena eman behar da 943 82 01 10 telefonora deituta edo pymes@debegesa.com helbidera idatzita. Azokari buruzko informazio guztia Debegesaren webgunean kontsultatu daiteke eta, horrez gain, Facebook-en (facebook.com/AbianAzokaDebabarrena) eta Twitterren (@AbianAzoka) ere azokaren berri jasotzeko aukera dago.