ABIAN Debabarreneko Lanbide Heziketako Azoka SD Eibarren lokaletan egingo da aurten ere
Azoka Debabarreneko zortzi udalek antolatzen dute Debegesa eskualdeko Garapen Agentziarekin elkarlanean. Aurten, ohiko prestakuntza-zentroen standei Debabarreneko unibertsitateko prestakuntza-eskaintza gehituko zaie, zehazki, EHUk Eibarren (Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, Eibarko atala) eta Elgoibarren (IMH Campuseko Ingeniaritza Dualeko Eskola) dituen ingeniaritza-graduak. Espero da Debabarreneko DBHko eta Batxilergoko 700 ikasle baino gehiago bertaratzea bisita gidatuak egitera. Nolanahi ere, azoka interesatuta dagoen orori dago irekita. Asteazken eta ostegunean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egongo da zabalik. Ostiralean, berriz, goizeko ordutegia izango du: 10:00etatik 14:00etara.
Azokaren seigarren edizioa izango da aurtengoa, eta honako ikastetxeek hartuko dute parte: Armeria Eskola, IMHk, Meka Lanbide Eskola, Uni Eibar-Ermua, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua, Eibarko Oinarrizko LH eta Ermua-Mallabiko Oinarrizko LH eta Debabarreneko UPV/EHU ingeniaritza graduak (GIE-Eibar eta IMH Campus).
ABIAN azokaren helburua lanbide-heziketa sustatzea eta Debabarreneko kalitatezko prestakuntza-eskaintza zabala ezagutaraztea da. Era berean, azokak lagundu nahi du eskualdeko enpresek beren beharretara egokitutako ezagutza eta gaitasun tekniko-teknologikoak dituzten pertsonak topatzen.