Abiatu da XI. San Andres pintxo lehiaketa
Arrate Kultur Elkarteak, Eibar Merkataritza Gune Irekiaren, udalaren eta herriko ostalarien laguntzarekin XI. San Andres pintxo lehiaketa antolatu du. Antolatzaileek azaldu dutenez, taberna bakoitzak pintxo mota bat aurkeztu dezake, identifikatzeko izen batez lagunduta. Lehiaketara aurkezten diren pintxoak bezeroek kontsumitzeko moduan eskaini beharko dituzte, euro bat eta bi bitarteko prezioan, azaroaren 19n (eguaztena) eta 20an (eguena). Lehiaketan parte hartu nahi duenak urriaren 31rako eman beharko du izena, Arrate Kultur Elkartearen bulegoan zuzenean (astelehenetik eguenera, 17.00etatik 19.00etara), 943202299 telefono zenbakira deituta (mezua laga erantzungailuan) edo arratekultu@gmail.com helbidera idatzita.
Betiko moduan, lehiaketara aurkezten diren pintxoen artean hainbat sari banatuko dituzte: epai-mahaiko kideek pintxo onena zein den erabakiko dute eta, horrez gain, publikoaren sari berezia ere emango dute. Iazko moduan, aurten ere bertoko produktua ondoen erabiltzen duenari ere saria emango diote. Saridun bakoitzak 150 euro jasoko ditu. Epai-mahaikoek azaroaren 21ean emango dute erabakiaren berri eta sari banaketa ekitaldia, berriz, San Andres egunean egingo da.