Abontzako Itturrixak auzoa girotuko du hamargarrenez

Abontzako Itturrixak auzoa girotuko du hamargarrenez
2014/05/16 00:00
eta kitto!

Hamargarren urtez jarraian, gaur (barixakua, hilak) 18.30etako txupinazoarekin hasiko dituzte Abontzako Itturrixa elkarteak antolatutako jaiak Egigurentarreneko parkean. Jarraian, Lore Power umeendako euskerazko ikuskizunarekin ekingo diote aurtengo jai-egitarauari eta, hori amaitu eta jarraian, auzokoek eta jaietara joaten direnek "ikaragarri maite" duten DJ Xaibor ailegatuko da, ume eta nagusiak bere abestien erritmora dantzan ipintzeko prest. Horrekin batera, Mahatsondok babestuta ardau-dastaketa egingo da eta, pixka bat geroago, patata-tortila txapelketarako preparatzen dituztenak afalduta agurtuko dute jaietako lehen eguna.
Zapatu goizerako umeendako preparatu dituzten jolasekin eta buruhaundiekin ederto pasatzeko aukera egongo da eta, txistorra pintxoak janda gosea egiten duenak bapo bazkaltzeko aukera ere edukiko du, azken urteotako martxari jarraituta aurten ere 400 laguni jaten emateko paella prestatuko dute-eta. Arratsaldean, besteak beste, toka eta igel-toka txapelketak jokatuko dira eta umeak, berriz, Gorriti eta bere animaliekin primeran ibiliko dira. Eta afaltzeko parrillada ederra egingo dute, saiheskia, oilasko izterrak eta hanburgesak erreta. Eta dantzan egin nahi dutenentzat berbena Lisker taldekoek eskainiko dute, afaldu baino lehen zein ondoren. Eta domeka eguerdian, 12.00etan San Pio X.a elizan auzoko hildakoen omenez egingo duten mezarekin eta bertan Goruntz abesbatzak kantatuko dituenekin agurtuko dute jaia. Egitarau osoa jarraian:

BARIXAKUA 16
18.30.- Txupinazoa eta suziriak.
18.45.- Umeendako ikuskizuna, euskaraz: "Lore Power".
19.30.- 6. ardo-dastaketa, Mahatsondok babestua.
19.45.- DJ Xaibor.
21.00.- 6. patata-tortila txapelketa.
23.00.- Lehen egunaren agurra.

ZAPATUA 17
11.00.- Suziriak eta buruhaundiak.
11.30.- Umeendako jolasak.
12.30.- Txistorra-jana.
14.30.- Herri-bazkaria: 400 lagunendako paella.
17.00.- Toka eta igel-toka txapelketa, Ipuruako jubilatu etxearen atarian.
17.30.- Txokolate-jana gure nagusientzat, Ipuruako jubilatuen etxean.
19.00.- Toka eta igel-toka txapelketako irabazleei sariak banatzea.
19.30.- Gorriti eta bere abereak.
21.00.- Lisker taldearen berbenaren hasiera.
21.30.- Erretegi erraldoia: saiheskia, oilasko izterra eta hanburgesa.
22.00.- Lisker taldearen berbenaren jarraipena.

DOMEKA 18
12.00.- Auzoko hildakoen oroimenezko meza: lore-eskaintza eta Goruntz abesbatza. San Pio X.a elizan.