Adin guztietarako plan gozagarria izango dugu bihar eta etzi Urkiko jaietan
Bihar emango zaie hasiera Urkiko jaiei. Bi eguneko egitarau betea prestatu du jai batzordeak, jaien antolakuntzan eman den erreleboaren erakusle. Jon Guridik, Iria Camarak, Amaia Buenok eta Ithan Pachecok osatzen dute Urkiko jai batzordea gaur egun eta lan handia egin dute bi egun hauetan auzoko eta Eibar guztiko biztanleek gozatu dezaten.
Jon Guridi iaztik dabil Urkiko jai batzordean, baina aurtengoa izan da lehen aldia Iria Camara, Amaia Bueno eta Ithan Pachecorentzat. “Azken urteetan beste hiru lagun zebiltzan, baina lekukoa lagatzeko gogoz zeuden. Azken finean, jendeak jaiak nahi ditu, baina antolatzea gehiago kostatzen zaigu”, Guridiren berbetan.
Ondo ikusi dute auzoko jaiak antolatzea zer den eta, gogotsu egiteaz gain, ordu asko ere eskaini behar izan dituzte. “Urtarrilaz geroztik ari gara jaiak prestatzen”, azaldu digu Camarak. “Atzera begiratuz gero lan polita izan dela esan dezaket, baina era berean ordu asko izan dira, familiarekin egon ahal izan ez garen orduak”.
Hori guztia kontuan hartuta, “ahal duguna egin dugu. Diru eta laguntza aldetik nahiko juxtu ibili gara, eta aurrera begira gauzak hobeto egiteko ikasi dugu. Momentuz, aurtengo jaiez gozatuko dugu”, diosku Guridik. “Esaten dutenez, zailena lehen urtea izaten da. Beraz, espero dugu hurrengo urtean lana arinagoa izatea”, Camarak dioenez. Egitarau guztia lau lagunen artean antolatu dutela ikusita, ez da gutxi egin dutena!
Dena dela, laukoteak aitortzen eta eskertzen du Urkiko bizilagun askok eta negozioek eskainitako laguntza, guztien ekarpena izan delako garrantzitsua bi eguneko egitarau betea prestatu ahal izateko.
Bi eguneko egitaraua
Bihar, 19:00etan hasiko dira Urkiko jaiak auzoan zehar egingo den trikipoteoarekin. Horren ondoren, KOA dantza eskolakoek ikuskizuna eskainiko dute Polonia Etxeberria kalearen erdian jarriko duten eszenatokian, Rioja taberna azpiko errepidean. Dantzak amaitutakoan, trikipoteoarekin jarraituko dute, gero etorriko diren kontzertuetarako ondo berotzeko.
Eibarko talde bi igoko dira Urkiko eszenatokira, 22:30etik aurrera: Judash eta The Vartools. “Herriko taldeak ekarri nahi izan ditugu, garrantzia emateko”, esan digu Guridik. Talde biek diskoa kaleratu dute azken hilabeteetan eta rock doinuak eramango dituzte Urkira.
Rock gauaren ondoren, zapatuan, 11:00etan, Txikikrosa egingo da Urki Kurutzekuatik. 2 eta 12 urte bitarteko haurrek hartu ahal izango dute parte hiru kategoriatan: 2-6 urte (150m), 7-9 (750m) eta 10-12 (1.250m).
Eguerdian, Urkiko jaietako ikurra den paella lehiaketa egingo da Nuevo tabernaren atzeko aldean (euria egingo balu, eskolako patio estalian egingo litzateke). “Oker ez banabil, aurten paella lehiaketaren 25. edizio egingo da. Hasiera batean Urkiko jaiak otarrainxken eta brasildar dantzariengatik ezagunak baziren, orain paella lehiaketa da gauzarik ezagunena”, diosku barrez Guridik.
Bazkalostean, 17:00etan, toka eta igel txapelketa egingo da Rioja tabernaren parkean. Umeentzat, bestalde, Kids&Partyk jolas gunea jarriko du Arrateko Andra Mari eskolako patioan, 17:30etik 19:30era. “Ikusten denez, umeentzako hainbat ekitaldi antolatu ditugu. Orain arte, ia ez zegoen eurentzako ekitaldirik eta beraiek ere jaietan parte hartzea nahi dugu”, esan digu Guridik.
Bitartean, 18:00etan, otsailetik martxan duten kirol kamiseten (SD Eibar taldearena; Realeko Jon Magunazelaia Urkiko bizilagunarena; Athleticeko Gorka Guruzetarena; Real Madrilen beste bat; Urki eta Eibartarrak taldeena; eta herriko saskibaloi, errugbi, eskubaloi, igeriketa eta waterpolo taldeenak ere, besteak beste) zozketa egingo da eszenatokian.
Hortik aurrera, musika izango da nagusi. 19:30etik 21:30era kalejira egingo da Irulitxa txarangarekin, Arrateko Andra Mari eskolatik hasita. Eta ondoren, 23:30etik 01:00etara, Fito y los Fitipaldis taldearen tributua egiten duen musika ikuskizuna eskainiko du ‘Buen castigo’ taldeak. “Bertan, talde orijinalean diharduen Javier Alzola saxo-jotzaileak jotzen du”, zehaztu digu Guridik.