Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzeko oinezko martxa antolatu du Untzaga gizarte zentroak

Eguazten eguerdian Untzaga plazan manifestua irakurriko dute. Ondoren musika egongo da, Nahaste Music Group taldearen eskutik.
Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzeko oinezko martxa antolatu du Untzaga gizarte zentroak
2025/09/29 17:51
eta kitto!

Etzi (eguaztena, urriak 1) Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta, Untzaga gizarte zentroak Elgoibar eta Eibar bitartean oinez egiteko martxa antolatu du. Antolatzaileek azaldu dutenez, “iaz Euskadi mailako  topaketa bat egin zen Eibarren, Astelena pilotalekuan, eta orain dela bi urte ere topaketa egin zuten Durangon. Aurten federazioek, lurraldekoek eta EuskoFederpenek planik ez duten arren, Untzagak keinu txiki bat egin nahi izan du, herritar guztiei zabalik Elgoibartik Eibarrera egingo den martxa bat antolatuta”. 
Parte hartu nahi duten Debabarreneko nagusien zentroetako kideak Elgoibarko udaletxeko plazan elkartuko dira, goizeko 10:00etan, guztiak batera bidegorritik Eibarrera etortzeko. Eguerdirako ailegatuko dira, eta 12:00etan manifestua irakurriko dute Untzaga plazan, udaletxearen parean. Antolatzaileen berbetan, “ondoren, parte-hartzaile guztiei txistorra pintxo bat eta ur botilatxoa banatuko zaizkie. Animazioa, berriz, Untzaga zentroko NAHASTE MUSIC GROUP gitarra eta bateria taldearen eskutik etorriko da”.
Adinekoen Egunerako antolatu duten martxan parte hartzeko bi aukera prestatu dituzte: Elgoibarrera oinez joan nahi dutenentzat, hitzordua 08:30ean jarri dute, Untzaga gizarte zentroaren azpitik abiatzeko; eta eskualdeko hainbat tokitatik etorriko direnentzat, berriz, Elgoibarko udaletxeko plazan 10:00etan elkartzeko deia egin dute. Antolatzaileek Debabarreneko adineko pertsona guztiak martxa sinboliko honetan eta Untzagan egingo den itxiera-ekitaldian parte hartzera gonbidatu nahi dituzte.
Jarraian daukazue eguazten eguerdian Untzagan irakurriko duten manifestua

URRIAK 1, ADINEKOEN NAZIOARTEKO EGUNA

Urriaren batean Adinekoen Nazioarteko eguna ospatzen da. Duela hogeitahamabost urte Nazio Batuen Erakundeak egun hori aldarrikatu zuen adineko helduen babesari eta laguntzari erreferentzia eginez, Vienako Nazioarteko Ekintza Plana bezala. 
Egun honek adinekoen diskriminazioaren aurkako borroka adierazteko balio du, baita pertsona horiek munduko giza garapenean eta garapen ekonomikoan egiten duten ekarpen garrantzitsua aitortzeko ere. Halaber, munduko zahartze demografikoari lotutako aukerak eta erronkak nabarmendu behar dira. 
Gizarte-ongizateko sistema indartsu bat izatearen garrantzia defendatzen dugu, osasun publiko onik gabe, egoitza publiko onik gabe, dependentzirako zerbitzu publiko onik gabe babesik gabe gaudelako, eta bereziki adinekoak. 
Pandemiak eta haren ondorioek begiak ireki dizkigute gizarte-ongizateko erakunde publiko sendo batzuen garrantziari buruz, enpresa pribatuak ez baitira, inoiz, ordezkatzeko gai izango; zentzu horretan, egungo eta etorkizuneko pentsiodunei bizitza duina ziurtatuko dien Pentsio Publikoen Sistema bermatzea eskatzen dugu. 
Berdintasun-politika horiek adinekoen kolektibo osoan ezarri behar dira. Kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzea osasunean, zaintzak (etxean zein egoitzetan), diskriminazioa eta/edo tratu txar fisiko eta emozionalak desagerraraztea, eta nahi ez den bakardadea. 
Adinekook arazo ekonomiko eta sozialen konponbideetan parte hartzeko eskubidea dugu. Eta erakundeei exijitzen diegu adionekoen zentro eta elkarteekin hitz egiteko. 
Hemen gauden adinekoen zentroetan ikus dezakegu adineko pertsonak protagonista garela egungo gizarte-bizitzan, eta belaunaldien arteko aniztasunaren eta edadismoaren eta eten digitalaren aurkako borrokaren aldeko apustua egiten dugu, besteak beste.