AEK euskaltegikoek 19.00etan hasiko den kalejirarekin ospatuko dute Gaztañerre
Gaur (astelehena, hilak 11) Gaztañerre eguna da eta, urtero lez, Eibarko AEK euskaltegikoek hori ospatuko dute, arratsaldeko 19.00etan euskaltegi pareko Paloma tabernan batu eta, handik abiatuta, Ipurua aldean trikitilariek lagundutako kalejira eginda. Herritarrak eurekin bat egitera animatzeko asmoz, AEK euskaltegiko ikasleek honako gonbidapen-gutuna idatzi dute:
Zatozte Gaztañerre ospatzera!
Gaztañerre eguna gertu dugu. Gure arbasoek gaztainak elikagai nagusi zuten eta ondra-jana ere ospatzen zuten hildakoen oroimenez. Sasoi batean Eibar, Soraluze eta Ermuko baserritarrak etxean batzen ziren marraskilo eta gaztainak jateko.
Gaur egun, gure ospatzeko moduak aldatu diren arren, AEK-k urtez urte hartu izan du egun horri oihartzuna emateko ardura. Baserri girotik kalera ekarri dugu jaia eta gurekin ospatzera gonbidatzen zaituztegu.
Beraz, aurtengoan ere gonbidatuta zaudete azaroaren 11n, arratsaldeko 7etan Paloma tabernan gurekin bat egitera. Handik Ipurua aldera joango gara. Bertatik trikitilariekin batera, kalejira hasiko dugu: kantuan egin, pintxoak eta gaztainak dastatu eta umore onean elkarrekin egunari kolorea eman.