AEK euskaltegikoek Gaztaiñerre beraiekin batera ospatzera gonbidatu dituzte herritarrak
Gaztaiñerre eguna 2022
Azaroaren 14an, Eibarko AEK euskaltegiak antolatu duen Gaztaiñerre eguneko ospakizunera gonbidatzen zaituztegu.
Dakizuen moduan, Domu Santu egunaren bueltan ospatzen da ohitura hau, Arima Egunaren ondorengo bigarren astelehenean, hain zuzen ere. Egun honetan, “ondra-jana” egiteko ohitura dago, urtean zehar hil direnak gogoratu nahian. Ohitura biziberritzeko asmoz, aurten ere afari-merienda eta kalejira antolatu ditugu euskaltegiko irakasle eta ikasleok.
Beraz, astelehenean 19:00etan Paloma tabernan elkartuko gara, eta jarraian, Urki auzoan ibiliko gara kalejiran, trikitilarien laguntzarekin. Aurten “ondra-jana” 20:00ak aldera hasiko da eta Urki auzoko Rioja tabernan izango da. Amaieran, lehiaketatxo bat egongo da; eta irabazleek gazta, bi sagardo botila eta gaztainak irabazi ahalko dituzte.
Etorri gurekin, zuen zain egongo gara!
Eibarko AEK euskaltegiko ikasle eta irakasleok.