Gaztañerre ospakizunak giro polita sortu zuen atzo Eibarren
Eibartarrok hitzordu berezia izan genuen atzo, azaroak 16, Gaztañerre eguna ospatzeko.
2026/11/17
10:32
Silbia Hernandez Arrazola
Urtero bezala, lagunarteko afari-meriendek eta gaztaina erreek protagonismo berezia hartu zuten herriko etxe eta elkarteetan, Eibarren errotuta dagoen ohitura zaharrari eutsiz.
Egunari kale giroa gehitu zion Eibarko AEK euskaltegiak antolatutako kalejirak. Eibarko Musika Eskolako trikitilarien laguntzarekin, parte-hartzaileak kalera atera ziren kantuan, Ipurua aldean Gaztañerre ospatzeko eta euskal kulturarekin lotutako ohitura hau bizirik mantentzeko.
Gaztañerre Eibarko egutegiko ohiko hitzorduetako bat da, eta marraskiloak, gaztainak eta lagunarteko solasaldiek osatzen dute ospakizunaren bereizgarri den giroa.


























