Sortzaileen azoka eta kontzertuak antolatu ditu Jaixak Herrixak Herrixandakok zapaturako
San Andres jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan Eibarren, eta Jaixak Herrixak Herrixandako (JHH) jai batzordeak egitarau berezia prestatu du azaroaren 28rako, zapaturako. Eguneko hitzordu nagusietako bat Sortzaileen Azoka izango da: 12:00etan hasiko da Untzaga plazan, eta hainbat sortzaile eta artisauk hartuko dute parte.
Azoka San Juan jaietan egitekoa zen, baina eguraldiagatik atzeratu behar izan zuten. Oraingoan, beraz, Eibarko sortzaileen lanak ezagutzeko eta erosteko aukera izango da. Besteak beste, Okelerre, Aurelia Clay, Hebra y Revés, Anika Nahiak, Gigil, Bi ta Piku, Idoire, Re-nona, Etiketa Beltza, Goiargi, Xume, Chic&Txik, Scrapeando Un Poco Deli, Urraca eta El dedal de Nika izango dira bertan, baita Depor, Ongizate, Kosmetika Naturala eta Artiz estudioa ere. Azokaren hasieran, Marianitada egingo da Marasmia talde feministak antolatuta.
Arratsaldean, 19:30ean, Latuna Bando txarangak hartuko du lekukoa. Ondoren, Alarma Morea eta Aingura taldeek kontzertuak eskainiko dituzte. Kontzertuen ostean, txosnetako musikarekin jarraituko du jaiak karpan goizeko lauak arte.
Jai herrikoiak eta espazio seguruak
Jai batzordeak auzolanean eraikitzeko gonbita egin die eibartarrei, eta jaietan parte hartzera eta antolakuntzan laguntzera animatu ditu. Era berean, inolako erasorik ez dutela onartuko adierazi dute, eta denon artean espazio seguruak eraikitzearen alde egin dute.

