Sanandresak ospatzeko prestatu duten jai-egitaraua aurkeztu dute
San Andres jaiak ospatzeko egitarau zabala antolatu du Eibarko Udalak, herriko hainbat elkarte eta eragilerekin elkarlanean, eta horren berri eman dute gaur goizean Andoni Zabala Kultura zinegotziak eta Patxi Lejardi Jaietako zinegotziak, Portalean egindako prentsaurrekoan.
Aurkezpenean aurreratu dutenez, jarduera ugari biltzen dituen jai egitarauak gastronomia, kultura, musika, kirola eta tradizioa uztartuko ditu.
Egitarauak azaroaren 21ean izango du hitzordu berezietako bat: Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatutako XXII. Txistorra Eguna. 09:00etatik 21:00etara, Untzaga plazan kilometro bateko txistorra prestatu eta salduko dute, musika, kirol-erakustaldi eta bestelako ekintzekin lagundutako jaian.
Azaroaren 22an, berriz, San Andres Sari Nagusiko XXXII. Bakailao Lehiaketa jokatuko da Untzagan, 11:00etatik aurrera, eta 45 bikotek hartuko dute parte.
Kultur eskaintzaren barruan, azaroaren 27an, ...eta Kitto! Euskara Elkarteak antolatutako XXX. San Andres Bertso Jaialdia egingo da Coliseo antzokian, 20:00etan. Aner Peritz, Irune Basagoiti, Xabat Illarregi, Aitor Etxebarriazarraga eta Andoni Egaña arituko dira kantuan, Jon Mikel Mujikaren gidaritzapean. Sarrerak 8 euro balio du, eta egunean bertan salduko dira, saioaren aurretik, Coliseoko leihatilan.
Azaroaren 28an, prebentziorako eta informaziorako guneak jarriko dituzte Untzagan, 23:00etatik 02:00etara: Ai Laket!, Garaiak eta SEXUBIZI. Hurrengo egunean, azaroaren 29an, Ustekabe txarangak eta Ahantzi taldeak girotuko dituzte kaleak.
San Andres eguna
Azaroaren 30ean ospatuko da jaietako egun nagusia, XLVII. San Andres Nekazaritza Azokarekin, Untzaga plazan eta Txaltxa Zelaian. Azokako epaimahaiaren lana 09:30ean hasiko da.
Egunean zehar, hainbat ekitaldi izango dira: Usartza Txistulari Bandaren kalejira (11:30), San Andres Aizkora Txapelketaren XXII. edizioa Errebal Plazan (12:00), bertsolariak, trikitilariak eta kalejirak Untzagan. 12:30ean, Kezka Dantza Taldeak, Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin batera, Plazara Dantzara erromeria eskainiko du. 13:15ean banatuko dituzte azokako, pintxo lehiaketako eta kartel lehiaketako sariak.
Udalak herritarrak eta bisitariak jaietan parte hartzera gonbidatu ditu, Eibarko nortasunaren parte diren tradizioak eta herri giroa bizirik mantentzeko.
Kartel lehiaketako irabazleak
San Andresak Eibarren kartel lehiaketako sariak ere jakinarazi dituzte. Helduen kategorian, Ernesto Etxabe Aranzibiak irabazi du lehen saria, Farola lanarekin. 11-14 urtekoen artean, Ane Plazaolak jaso du saria, Oilarra azokan kartelarekin; eta 10 urtera artekoen kategorian, Milena Alberdi Rodriguezek irabazi du, Txerria gazta jaten lanarekin.
Guztira, 162 lan aurkeztu dira: 92 helduen kategorian, 28 gazteen kategorian eta 42 haurren kategorian.

