Agifesek buruko osasun arazoa duten pertsonak babesteko neurri juridikoei buruzko hitzaldia emango du Eibarren

Laguntza juridikoaren sistema nola aldatu duen azalduko du adituak maiatzaren 8an
Agifesek buruko osasun arazoa duten pertsonak babesteko neurri juridikoei buruzko hitzaldia emango du Eibarren
2024/04/30 11:53
eta kitto!

Agifesek, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, hitzaldi bat antolatu du, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen babes juridikorako zer neurri har daitezkeen azaltzeko. Esther Ezponda abokatu eta Agifeseko zuzendaritza-batzordeko kideak emango du hitzaldia, maiatzaren 8an, Eibarko Portalea Kultur Etxean, 18:00etan.

Solasaldia ekainaren 2ko 8/2021 legearen inguruan izango da. Arau horren bidez, legeria zibila eta prozesala erreformatzen da, desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa gauzatzen laguntzeko. Funtsean, arau horrek desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza juridikoaren sistema nola aldatu duen azalduko du adituak. “Jada ez da hitz egiten pertsonak ezgaitzeaz, baizik eta pertsona bakoitzari behar dituen laguntza espezifikoak emateaz”, azpimarratu du Esther Ezpondak. Era berean, hizlariak kolektiboarentzat eskuragarri dauden beste babes-neurri batzuk azalduko ditu, hala nola prebentzio-botereak, pertsona bati beste bat izendatzeko aukera ematen diotenak, bere borondatea adierazteko gaitasuna galduz gero bere interesak ordezkatu eta defenda ditzan.