Agur aurtengo sanandresei

Agur aurtengo sanandresei
2012/09/27 00:00
eta kitto!
Hotz handia egin arren, azkenean eguraldiak atertu zuen eta San Andres egunerako antolatutako guztiak arazo barik egin ziren. Urteroko moduan San Andres Azokak jendetza erakarri zuen eta eguerdi aldera Untzagan ospatutako Plazara Dantzara erromerian parte hartzera animatu zirenak ere ez ziren gutxi izan. Bazkaltzeko ordua ailegatu baino lehen banatu ziren, bestalde, azoka eta sanandresetako beste lehiaketetako sariak. Eibarko postu onenari saria Gisasola baserriari eman diote aurten; aurkezpen onenari saria, berriz, Elgoibarko Txillarre baserriko Peio Rubiori eta bigarren onenari saria Eibarko Zelaikua baserriari; azken baserri honek eraman zuen ere barazkietan ematen duten saria; frutetan Gabiriko Agerre Berri baserriak jaso zuen saria; eztirik onena Urretxuko Josune Epelderena izan zen; gaztarik onenari saria Elgoibarko  Mausitxa baserriak jaso zuen; eta ogirik onena Elorrioko Maite Leanizbarrutiarena izan zen.
Ekitaldi berean beste lehiaketetako irabazleei ere banatu zitzaizkien sariak: San Andres kartel lehiaketako irabazleei (Natalia Garridori nagusien mailan eta Garoa Magunazelaia eta José Antonio Martíni umeen mailan) eta San Andres Pintxo lehiaketako txapelduna izan den Amesti tabernari. Astelehen goizerako Sanandresetako argazki bilduma osatu eta interneten zintzilikatuko dugu, jaia irudi bidez gozatzeko aukera izan dezazuen.