Agustin Unzurrunzaga, SOS Arrazakeria: "Zurrumurru batzuk guztiz deliranteak dira"
- Zure saioan Eibarren ematen diren zurrumurru nagusiak aztertuko dituzu. Zeintzuk dira?
Ia Gipuzkoako herri guztietan inmigrazioarekiko zabalduta dauden zurrumurruak berberak dira: gizarte prestazioetaz abusatu egiten dutela, etxebizitza publikoak okupatzerakoan abantailak dituztela eta bertakoei baino errazago ematen zaizkiela, osasun sistema publikua bertakoek baino gehiagoerabiltzen dutela eta batzuetan kolapsatu ere egiten dutela, ez dutela integratzerik nahi eta integratzeko ahaleginik ez dutela egiten...
- Eta zelan sortzen eta hedatzen dira aurreiritzi faltsu horiek?
Zurrumurruak aurreiritzietan oinarritzen dira. Eta aurreiritziak, berriz, besteekiko ikuspuntu estereotipatu batean, giza talde baten ezaugarriren bat orokortu eta exageratuta eraikitzen dira. Aurreiritzietan, norberaren gizataldea baloratu eta goraipatzen da eta "besteak" (beltzak, musulmanak, ijitoak, inmigranteak orokorrean edo talde konkretu batzuk, latinoak, magrebiarrak, errumaniarrak...) desbalorizatu egiten dira. Bestea baztertzearen aldeko jardunean aurreiritzia oinarrizko forma bat dela esan dezakegu.
- Zein da horiei aurre egiteko edo horiek ixilarazteko modurik eraginkorrena?
Lehenik eta behin, beraietaz berba egitea, oinarri faltsuak dituztela azaltzea, errealitatearekin zerikusi gutxi duten iritzietan oinarritzen direla ikustaraztea. Zurrumurru batzuk errealitatearekin zerikusia badute, nahiz eta orokortzerakoan eta exageratzerakoan dena hankaz gora jartzen duten. Baina badaude beste aurreiritzi eta zurrumurru batzuk izugarri deliranteak direnak. Lehenengoekin, eztabaidaren bitartez gauza batzuk argitu daitezke. Bigarrenekin, ezinezkoa da.
- Zer egin dezakegu diotena gezurra dela erakusten duten datuak eta argumentuak eskuan ditugula entzun nahi ez dutenekin?
Gauzak esplikatu egin behar dira, eta pertsona horiek ziurtzat jo eta aurkezten dituztenak zalantzan jarri. Hori da lehenengo pausua. Zalantzetatik tira egin daiteke, nahiz eta askotan guztiz konbentzitzera ailegatu ez. Hau epe luzerako lana da. Gauzak ez dira konpontzen bakarrik beste dato batzuk ematen, nahiz eta hori derrigorrezkoa izan. Gaur egun, egunkari batzuek (Le Monde, Liberation...) eta hainbat telebista katek (Artek, adibidez) dexintozikazio atalak dituzte.
- Nolako lotura dago zurrumurru eta eskuin muturreko joeren artean? Zenbaterainoko garrantzia daukate horrelako taldeen indarra gero eta handiagoa izateko orduan?
Eskuin muturra (gaur egun, Europan, eskuin muturra korronte politiko nahiko konplexua da) aurreiritzi eta zurrumurruetaz baliatu egiten da bere eguneroko jarduna aurrera eramateko. Zurrumurruak, giro moral ezkorra sortu eta landu egiten dute inmigrazioaren edo inmigrazioaren zati batzuren kaltetan, eta hor eskuin muturra oso gustora sentitzen da. Bestalde, eskuin muturra bera arduratzen da aurreiritzi askori forma politikoa emateaz, sarritan kontsigna bihurtuz. Aurreiritzi askoren oinarrian, abiapuntuan, lehentasun nazionalaren aldarrikapena dago: gu lehenengo, guk eskubide gehiago eduki behar ditugu besteek baino, besteek ezin dituzte gure eskubide berdinak eduki. Eta lehentasun nazionalaren aldarrikapena gaur egungo Europako eskuin muturraren oinarri oinarrizko idea bat da.