Pello Rubio: "Sekula ez nuen pentsatu Txillarreko mahaia hautsiko zenik"
BERRIAko Enekoitz Esnaola kazetariak landu du elkarrizketa eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.
Iazko irailean Eibarrera (Gipuzkoa) Arrate egun bezperako bazkarira joan, eta Edurne San Martin kazetaria parean tokatu zitzaion Pello Rubiori (Zumaia, Gipuzkoa, 1948), Elgoibarko (Gipuzkoa) Txillarre baserriko jabeari. Rubio Txillarreko elkarrizketa politikoei buruzko kontu txikiak kontatzen hasi zen, jakin-mina piztu zitzaion San Martini, eta horrek azkenean liburu bat egin du, Asier Ibaibarriagarekin batera: Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiori elkarrizketa (Elkar). Atzo aurkeztu zuten, Donostian. Rubiok aitortu du pozik dagoela bake prozesuaren alde egindakoagatik.
Dokumentala ere egin dute, eta herriz herri hasiko dira ematen. Lehen saioa, datorren ostiralean, Elgoibarren (musika eskola, 18:30), solasaldi eta guzti. Hogeitaka hitzordu dauzkate lotuta.
Txillarren gertatu zena kontatzeko gogoa al zenuen, Pello?
Ez da gogoa izatea edo ez. Ni ez naiz pertsona bat gauzak egiten dituena gero kontatzeko, baizik eta gehiago gustatzen zait gauzak egitea bizitzeko.
Ez. Ezin izan dut dena kontatu. Batzuetan kontuz ibili behar da, eta, oraingoz, gauza batzuk gorde egin ditut.
1999an hasi zen dena.
Paco Egearekin eta Arnaldo Otegirekin. Orduan gatazka politikoa zen Euskal Herriko auzi nagusia.
Zeure ekimenez hasi ziren hizketan.
Gauza zailak gustatzen zaizkit. Adibidez, 40 urte nituela, kalea utzi eta baserrira etorri nintzen, Txillarrera, baserritarrak kalera jaisten ari ziren garaian. Hona etorri aurretik kooperatiba bateko arduradun nintzen, 150 langilerena. Baserrian, nekazaritza ekologikoari heldu nion, horretan artean jende gutxi ari zela. Eta 1999an esan nuen neure artean: «Zergatik ez bi mundu desberdin hauek, sozialistak eta ezker abertzalea, elkartu hizketarako?». Aukera neukan Egea eta Otegi elkartzeko.
Ezagutzen zenituen biak, Elgoibarkoak izanik.
Bai: Egea, neu aritu nintzen kooperatibatik; Otegi, garai bateko kaleko protestetatik.
Otegi, Txabalito, liburuan kontatu duzunez.
Hala deitzen genion. 1975ean, Txiki eta Otegiren fusilamenduen garaian protesta asko izan ziren. Isidro Gabirondorekin eta biokin batera ibili zen Arnaldo; gure atzetik etortzen zen beti, barrikadak-eta jartzera. 17 urte zituen, nik baino hamar gutxiago.
Troskista zinen, LKIkoa, Gipuzkoako CCOOko zuzendaritzakoa... Jendeak españolista deitzen zintuen.
Españolista ez, puto españolista. Ni konbentzituta banago gauza batzuekin, ez zait inporta zer deitzen didaten. Baina esan behar dut ni ez naizela sekula espainiarra sentitu. Ni euskalduna naiz.
Ez zeunden ETAren borroka armatuaren alde.
Ez naiz behin ere egon. ETA VI.aren ondoren masa mugimenduetan sartu nintzen. Otegik, ordea, sekula ez zidan puto españolista deitu.
Harreman ona al zenuen harekin?
Bai, beti, eztabaidak eztabaida. Politikaren aberastasuna eztabaidan datza, kontrastean, harremanetan.
Zein zen Txillarreko elkarrizketen helburua?
Nik nahi nuena zen bi mundu haiek hizketan has zitezela. Hasi, eta beti geneukan gai bat aztertzeko, baina artean ez zegoen helburu zehatz bat. Neu ere esertzen nintzen mahaian. Tartean behin biltzen ginen; zeozer jan, berriketan egin, eta etxera. Lauzpabost aldiz elkartu ginen 1999an.
2000n Jesus Egiguren batu zen.
Egeak planteatu zion hori Otegiri, eta oso ondo hartu zuen, primeran, gogotsu. Dena dela, hasieran kostatu egin zen, Jesus pixka bat itxia delako, eta uztarri lanak egiten saiatzen nintzen ni. Lortu genuen aurrera egitea. Pernando Barrena ere hasi zen, Otegik proposatuta; Egigurenekin lehen bilera egin zenean planteatu zuen. Horrez gain, Otegik Egigureni eskatu zion alderdi sozialistako nafar bat ere egoteko, baina Egigurenek ezezkoa eman zion, esanez alderdia ondo ezagutzen zuela eta momentu hartan beste kide bat ekartzea konplikatua izango zela, horrek ez zuela asko lagunduko eta etorriko zela momentua.
Zein ziren gaiak?
ETAren eta Madrilen arteko Aljerko elkarrizketak, Ipar Irlandako akordioa, Hegoafrikako auzia, Lizarra-Garazi... Zer gertatu zen, zergatik... Eta erabaki bat hartu zuten: euskal gatazkan gertatzen zena gertatuta ere, mahaia ez apurtzea. Gertatu ziren gauzak, gertatu zirenez, bi aldeetatik: hilketak, jende pila bat kartzelara, legez kanporatzea... Otegik beti esan izan du errazena mahaitik altxatu eta joatea zela, baina arazoak hor segituko zuela. Egoera gogorrak izan arren, neuk sekula ez nuen pentsatu mahaia hautsiko zenik.
2002ko azaroan elkarrizketen oinarrien dokumentua sinatu zuten.
Jarri zuten zer helbururekin ari ziren hizketan eta mahaikoak zein ziren. Esaten zuten euren belaunaldiko arazo bat zela eta belaunaldi berriei ezin zietela utzi konpondu gabe, zintzilik.
2003an Patxi Lopez azaldu zen. Ordurako, lau urtean hizketan. Sentsazioa?
Guk kontua luzatzea nahi genuen. Izan ere, Espainian Aznar zegoen presidente eta ez zegoen ezer egiterik. Pazientzia izan behar genuen, aukera hobe baten alde zain egon. Eta beti diskrezioz aritu, Aznarrek jakin ez zezan zertan genbiltzan.
2004an, aldaketa.
Handia: Zapatero Moncloara. Denen ezusterako, Madrilgo trenetako atentatuen ondoren. Inkesta denek esaten zuten Rajoyk irabaziko zituela hauteskundeak, baina Zapaterok irabazi zituen. Otegik eta Egigurenek hemen zirela aitortzen zuten dena aldatu zela. Zapaterok onartu egin zuen prozesua aurrera eramatea. Beste klabe bat izan zen.
Atentatu haien egunean Otegirekin hitz egin zenuen.
Bai. Goiz hartan bertan, telefonoz, behin baino gehiagotan, eta esaten zidan euren ustez ez zela ETA izan. Otegik esandakoa Egeari eta Egigureni transmititu nien. Egigureni sekula ez diot galdetu zeini eman zion mezu hori.
Baina izan zenuen Egigurenen pausoen berri.
Egiguren Madrilera joaten hasi zen nahikoa azkar, Zapateroren inguruko jendearekin egotera, Txillarren zertan ari ginen azaltzeko. Esaten zien ezker abertzaleak prozesu bat hastea nahi zuela. Zapaterok ontzat jo zuen. Txillarreko mahaian, PSEtik, Egearen partez Rodoldo Ares hasi zen, eta Batasunetik, Barrenaren partez Rufi Etxeberria eta Olatz Dañobeitia. Egigurenek eta Otegik hor segitzen zuten. 2006 bukaerako T4ko atentatuen ondoren ere jarraitu zuen mahaiak, baita Otegi kartzelan sartu zutenean ere.
ETAren gutun bat jaso zenuen garai hartan.
Hala da. Gutuna ez dut hemen, baina gogoan dut 2004an jaso nuela, abuztuan. Egiguren Extremaduran zegoen eta Otegi hemen zebilen. Deitu nien, eta biak etorri ziren. ETAk Espainiako Gobernuari adierazi zion prest zegoela elkarrizketa prozesu baterako. Esango nuke prozesu hartan helarazi zion lehen gutuna izan zela.
Zein izan dira Txillarreko mahaiaren gakoak?
Bat, pertsonak. Jesusek eta Arnaldok ez balute kointziditu, seguru beste gauza batez ariko ginatekeela hizketan. Ares etorri zenean, berriz, ematen zuen gasolindegiko hitzarmena negoziatzera etorri zela... Aresek ez zuen hemengoa apurtu, baina ez zuen lagundu. Jesusen eta Arnaldoren izateko erak desberdinak dira, baina izaera euskalduna dute. Ez dut esaten hori hobea denik, baina biak bata bestearen buruan sartzen ziren; zeharo enpatizatu zuten.
Beste gako aipagarririk?
Lekua. Ez da Txillarre delako, honelako toki asko dago-eta, baina nik esaten dut desberdina dela hizketarako honelako leku bat edo zulo bat izan. Neguan tximinia pizten nien. Leku batean gustura sentitzen bazara, berriz ere joan nahi duzu.
Aznarrek ez al zuen ezer jakin?
Ez. Diskrezioa izan zen gure beste gako bat. Nik katalanei esaten diet ezin direla horrelako prozesuak egin hedabideetan berriketan. Halako gauzak ezkutuan egin behar dira; behintzat, lehenengo faseetan, leku diskretu batzuetan. Txillarrek ematen du horretarako aukera. Hasiera haietan, lau urte pasa egon ginen inork ezer jakin gabe, eta 60 bat bilera izan ziren. Hizketan hasi eta sei urtera atera zen hedabideetan lehen aldiz. Lasaitasuna behar genuen, eta sekretuetako bat telefonoa ez erabiltzea izan zen, edo ahal zen gutxien. Orduan ez zegoen telefonoen-eta hainbesteko kontrolik; hala ere, zaintzen genuen, apenas erabilita. Azken batean, zuk giro bat gauza txiki askorekin sortzen duzu; gauzak ez dira gertatzen derrepentean.
Mezularia ere bazinen.
Bileratik bilerara zuzeneko harremana izan behar zen, eta, gu diktadura garaikoak izanik, errekadista sistema erabili genuen, 2000ko hamarkadan egon arren. Otegiren etxera zerbaitetara joaten banintzen, barazki poltsarekin joaten nintzen, disimulatzeko, edo Otegi neure furgonetan barazki kaxa artean ekarri izan dut. Hura atxilotu eta Rufi zenean nire kontaktua, Oiartzuneraino joan behar izaten nuen hari gauza bat ematera edo esatera. Jesusengana Donostiaraino ere bai. Modu klandestino bat zen.
Faxa ere erabili zenuen une garrantzitsu batean.
2004ko azaroan. Batasunak Belodromoko proposamena aurkezteko atarian, Elgoibarko denda batetik Moncloara faxez pasatu nuen dokumentu bat, Rubalcabak eta Zapaterok jakin zezaten mitineko ardatzak zein izango ziren. Aste hartan, aurretik bilera bat egin zen hemen, eta fax hura bidaltzea onartu zen. Handik gutxira, Zapaterok Kursaalean esan zuen bake gizona zela Otegi, eta hori esatea ere prestatuta zegoen. Erabaki zen gizarteari mezu batzuk botatzen hastea, esanez bezala bazetorrela zerbait.
Sukalde lan handia, beraz, Txillarren, baina bi zentzuetan.
Beti prestatzen nien zerbait jateko, bertako produktuekin. Gosaria, bazkaria edo afaria, denetik egiten genuen, tokatzen zena. Sukaldaria nintzen, zerbitzaria, eta opari emailea ere bai, hemendik denak joaten zirelako bertako produktuekin, poltsatxo batean. Baserriko ohitura horri eutsi nion.
Bidaia garrantzitsu bateko txofer ere izan zinen.
2005eko ekainean, Genevara. Han bildu ziren lehen aldiz Egiguren eta Josu Urrutikoetxea, gobernuaren eta ETAren ordezkari. Jesusek galdetu zidan ea lagunduko nion. Baietz nik. Hartu beste baten kotxea, hartu ogitartekoak, eta han aurkeztu ginen bi baserritar Genevan, President Wilson hotelean. Hemendik abiatzeko, ordea, Jesusen bizkartzainak gainetik kendu behar izan genituen, ertzainak, esanez Bartzelonara gindoazela, Jesusek medikuarekin hitzordua zuela-eta... Ez zen egia; ezin genien esan Genevara gindoazela!
EAJko kiderik ez zen Txillarren izan.
Inor ere ez. Zergatik? Alderdi sozialistaren eta Batasunaren arteko prozesu bat zelako. EAJ ere urteetan ez zen enteratu hemen zer gertatzen ari zen, eta badakit haserretu egin zirela. Maria Antonia Iglesias kazetariaren bidez dakit hori, liburu bat idazten ari zela EAJko batek Sabin Etxean esan ziolako. Loiolako Mahaian bai, egon zen EAJ, 2006an. Loiolako Mahaia martxan jartzeko erabakia ere hemen hartu zen.
Geroztik egon al da EAJko arduradunen bat zure baserrian?
Ez. Jende pixka bat pasatu da hemendik, baina EAJkorik ez. PPkorik ere ez. Gonbidatu ere ez ditut egin...
Troskista zarelako oraindik...
Hala izango da... Baina nik ez dut inolako arazorik haiekin hitz egiteko, betiere elkarrenganako errespetua badago.
«Egigurenek eta Otegik ez balute kointziditu... Bien izateko erak desberdinak dira, baina izaera euskalduna dute»
Zapatero etxean izan zenuen, 2018an.
Eta niretzat ohorea izan zen. Pertsona da Zapatero, eta bat pertsona bada, konponduko gara, desadostasunak izan arren. Gizon atsegina da. Otegik eta biek bazkaldu zuten, bakarrik, Otegik «Pello, etor hadi» esaten zidan arren. Baina ez; biak bakarrik egon zitezen nahi nuen. Bazkaria prestatu nien, eta sukaldean egon nintzen; hiruzpalau metrora, baina aparte. Arratsaldeko partea desberdina izan zen, Eduardo Madina eta Egiguren kafera azaldu zirelako, eta orduan bostok kontu-kontari egon ginen.
Ez zenuten argazkirik atera.
Madinak esan zidan halako batean, biok mahaiaren izkina batean geundela: «Begira zer argazki historiko dagoen hemen!». Artaburu bat naiz, ordea!... Ez nengoen argazkian pentsatzen, juntadizoa atsegina izan zedin baizik. Txillarre atarian besarkada batekin agurtu zuten elkar Zapaterok eta Otegik, eta orduan ere ez genuen argazkirik atera. Argazkiak atera eta saldu izan banitu, jubilazio ona nuke... Baina naizen bezalakoa naizelako irten da aurrera Txillarrekoa.
Liburuan diozu ez duzula sekula beldurrik sentitu, baina errespetua beti izan duzula.
Hemengo berri hedabideetan ateratzen hasi zenean, oraintxe dela hogei urte, Madrilen prozesuaren kontrako izugarrizko giroa zegoen. PP eta eskuin muturrekoak egurra ematen ari ziren, bete-betean. Nire bizitzan ezeri ez diot izan beldurra. Errespetua gauza guztiei, baina beldurra, ez. Zergatik? Beldurrak burua blokeatu egiten dizu, ez dizu lagatzen pentsatzen eta erabakiak hartzen. Errespetuarekin aukera gehiago edukiko dituzu erabakiak hartzeko. Hala ere, orduan baten bat hona etortzen bazen ez dakit zertara, sasi artean baneukan bidetxo bat eta ez ninduketen harrapatuko... Hemen inguruan zelatan ibili ziren batzuk; geuk ikusi genituen, eta inguruko baserritarrek ere kontatzen zizkidaten gauzak.
Zer eman dizu prozesuak?
Pila bat gauza. Aberastasuna ez da diru edo gauza asko edukitzea; askotan da desberdinarekin berriketan egotea, edo barrutik nola zauden sentitzea, eta nik bizipoza izan dut eta dut.
«Prozesuak pila bat gauza ematen dizkit. Aberastasuna askotan da nola zauden sentitzea; nik bizipoza izan dut eta dut»
Otegiren ama zenaren errautsak Txillarren daude.
Arnaldo kartzelan zegoela hil zen haren ama, eta, handik egun batzuetara bisitara joan ginenean, errautsak Txillarren botako al nituen esan zidan. Balekoa eman nion. Bi gauza eskatu zizkidan: bertako fruta arbola izatea eta fruta gorrikoa. Garbi zegoen: gerezi arbola. Sartu genuen. Horrek erakusten du Otegirentzat zer garrantzitsua izan den Txillarren bizitakoa.
Helburua beteta, Pello?
Hasieran, helburua hizketan hastea besterik ez zen, baina gero gauzak nola joan ziren ikusita, bakea zen helburua, zergatik ez? Bide bat egin da, ikusi denez. Oraindik badaude presoak, baina bukatu zen urrunketa politika; baimenekin eta baldintzapean libre irteten ari dira...