Ahozko ondarearen altxorra

Ahozko ondarearen altxorra
2018/11/26 09:16
eta kitto!
Markeskuako ganbaran balio ikaragarriko altxorra dago gordeta. Ez dira urrezko txanponak, baino balio handiagoa dauka. 5.795 euskal hizlariri jasotako ahozko testigantzak dira, “Euskal Herriko ondare immaterial oso garrantzitsua”. Abbadia saria ematen duen epaimahaiaren berbak dira horiek, izan ere, Ahotsak.eus proiektua izan da 2018an saria eskuratu duen elkartea.

 

San Andres egun berezia biziko dute Ahotsak.eus-eko kideek, Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) aurtengo Abbadia saria hilaren 30ean foru jauregian emango baitio Eibarren jaio eta bizi den elkarteari. 19:00etan hasiko da ekitaldia eta elkarteko langileak hasi dira bata besteari pilota pasatzen. Saria nork jasoko du? Nork egingo du berba? Hori bai, argi daukate proiektuak dituen 15 urteetan lagundu dutenei eskerrak eman behar dizkietela. Momentua aprobetxatuz, gainera, aldarrikapenerako une egokia ere izan daiteke sari-banaketa ekitaldia. “Diru-laguntzen bitartez funtzionatzen duen elkartea gara. Dardarka egoten gara diru-laguntzen ebazpena heldu aurretik, dirurik etorriko den edo ez jakin barik. Pozik gaude horrelako esker ona jasotzeagatik, baina beste zerbait behar dugu aurrera jarraitzeko”, esan digu hasieratik proiektuan lanean dabilen Aintzane Agirrebeñak.

Deba Eskualdeko Ahozko Ondarea eta hizkerak jasotzeko asmoz martxan jarritako Deba Eskualdeko Ahotsak proiektuan du hastapena Ahotsak.eus-ek. Bailarako herrietako kultura tradizionala eta hizkerak jasotzea eta hedatzea zuen helburu, baina Gipuzkoa osora hedatzen hasi zen eta, gero, Euskal Herrira.

Gaur egun, Aintzanez gain, Haizea Odria (ikus-entzunezkoen arduraduna), Izaskun Gaston (administratzailea), Maider Altzibar (hizkuntza aniztasuna batzen duen 101L proiektuan) eta Mirari Garmendiak (elkarrizketak prestatzen eta zintak kodifikatzen) egiten dute lan Ahotsakek Markeskuan duen egoitzan. Bestetik, Billabonako Mintzolan beste bulego bat dauka proiektuak eta Idoia Etxeberria eta Irati Lizeaga daude han.

 

Jaso eta hedatu

Ahotsak.eus-ek 7.900 elkarrizketatik gora egin ditu Euskal Herriko 350 herritako 5.800 hizlari ingururen testigantzak jasotzeko. 51.082 bideo-pasarte ditu Euskal Herriko herri hizkera eta ahozko ondarea katalogatu eta hedatzeko, baina handitzen doan zifra da. Hala ere, gaur egungo jarduna ez da hasierakoa bezalakoa. “Hasieran presa genuen. Gerra aurreko ondarea jasotzeko asmoa geneukanez, 1900 eta 1910 urteen artean jaiotakoan elkarrizketatu nahi genituen”, dio Agirrebeña. Lortu zuten, “zorionez”.

Testigantza berriak jasotzen jarraitzen dute, hainbat proiektu jarri dituztelako martxan. ‘Ikasgela’, ‘Gazte gara gazte’, ‘Eibarko industria ondarea’... artxiboa hazten doa, baina aurretik jasotakoa lantzen lan handia daukate oraindik. Bideo- eta audio-zintak digitalizatu, formatuak aldatu, transkribatu... teknologia gehienetan alde eta batzuetan oztopo, hasierako maitasun berarekin mimatzen dute altxorra proiektuko langileek.

 

Errusian eredu, eta hemen?

30 terabyte hartzen ditu Ahotsak.eus-en artxiboak. Markeskuan daukaten zerbitzarian dago gordeta informazio guztia eta elkartekoak kezkatuta daude. “Erakundeak artxiboaren kargu egitea nahiko genuke. Hemen zerbait pasatzen bada, dena pikutara doa”. Jasotako guztia hedatzea helburu izanik, guztion ondarea dela aldarrikatzen dute. “Prest gaude edozein erakunderi jasotakoaren kopia bat emateko eurek zaindu dezaten”.

Errusian ere Ahotsak proiektuaren berri izan dute eta Karina Mishchenkovak antzeko proiektua jarri du martxan hango hizkuntza gutxituen alde egiteko. Ahotsakekoek espero dute sariak proiektuari bultzada ematea. “Ea sari honekin erakundeak hemen daukagun altxorraz konturatzen diren”.