Aiert Zubigarai ‘Bizkai’: “Herriz herriko memoria berpizteko saioa da hau”
"Emakumeon memoria 1937, Intxortatik Artxandara" deitzen da bere proiektu osoa. Herriz herri, eta komikiz komiki, jarraitu nahi izan dio pista Elorrioko semeak 1936ko gerrari. Horretarako, testigantza errealak hartu ditu oinarri, eta fikzioa baliatu du gero egia historiko hori kontatzeko. Eibarri ere bere protagonismoa eman nahi dio, une honetan aurrera zelan jarraituko duen oso argi ez badu ere. Kementsu ikusi dugu "Bizkai".
Dagoeneko komiki sorta zabalaren lehenengo alea kaleratu zuen apirilerako, Elgetaren berri ematen diguna. Buru-belarri sartuta dago bigarrenean, Elorrio bere jaioterriarenean, baina hor bere poltsikotik ere jarri behar izan du. Horregatik, hasieran zuen asmoa, "Emakumeon memoria 1937, Intxortatik Artxandara" proiektua, ez daki zenbaiteraino gauzatuko ote den. Eibarrek bazuen hor bere tokia, hirugarrena hain zuzen ere, eta atzetik zihoazen Durango, Larrabetzu... testigantzaz testigantza, azkenean Burdin Hesia erori ostean Bilbon gertatu zena kontatzen amaitzeko. Memoriaren aldeari informazio grafikoarena gehitu dio lanean gidoilari eta komiki marrazkilariak, ahalegin berezia eginez.
Zer moduz joan da Elgetakoaren kaleratzea?
Esku artean dudan hau da saldu barik dagoen euskarazko ale bakarra; beste bat dut etxean pertsona bati oparitzeko. Oso ondo joan da guztia eta harrera polita izan du lanak. Hori bai, zabalkunde lan handia ere egin da: hiru aurkezpenetik kanpo, sare sozialetan eta egunkarietan ere oihartzuna izan duelako. Tirada 250 aleena izan da eta, euskarazko guztiak saldu diren bezala, gaztelerazkoen %90etik gora bide bera hartu dute. Hori ikusita, bigarrena izango den Elorriokoaren 1.500 ale atera beharko ditugu bakoitzetik.
Zelan sortu zen proiektua? Zergatik behar hori?
Elorrioko gudarena banuen buruan, 1477koa, ganboino eta oñazinoen artekoa: 400 zaldi, 4.000 soldadu, jauntxo baten idatzia besterik ez, 14 urteko neskatila protagonista, sorginak... Eta lagun batek esan zidan: zergatik ez duzu 1937ko gerrari buruzko zeozer egiten, gaur egunera ekarriz? Eta ideia polita iruditu zitzaidan, buruko min asko ekarri badizkit ere. Pertsonaien arteko harremanak lantzea gustatzen zait, giza gatazkak, horiek direlako garrantzitzuenak. 1937ko hori tarte polita da, herria pasatzen delako errepublikanoa izatetik faszista izatera, lehen biktimak izatetik gero borrero izatera. Konflikto askoko sasoia da eta badago non landu. Gainera, Erdi Aroko gai batekin erreferentziak ere gutxi badira, XX. mendeko horretan testigantzak badira, testuingurua estuagoa da eta asmatzeko tartea urriagoa. Horrela hobe, pertsonaiak askatu egiten baititut. Gidoiarekin badakit zelan funtzionatuko duen; hala ere, ikerketa asko egin behar izan dut, baita grafikoki ere.
Nondik hasi zinen? Non aurkitu zenituen arazo gehien?
Sostengu instituzionala lortzea da latzena. Burokraziak nola funtzionatzen duen joan naiz ikasten. Alta eman behar izan nuen autonomoetan artista bezala, eta nire lanean zortzi ordu egitetik lau egitera pasatu nintzen. Baina gastuak berdinak ditut, eta gutxieneko diru-iturriak behar ditut. GKE-etan, esaterako, soldatapeko jendea dute horrelako txostenak egiteko, profesionalizatutakoak. Nire terapeutak ere esan zidan, liburua ateratzeko: “Zelan ilustratzailea izan saiakeran bizitza galdu barik”. Bestela, elkarte memorialistetatik, beste hizkuntzara pasatzeko, bestelakoetan laguntzeko, jendea oso prest izan dut. Gidoia zuzentzen ere, gaia egokien jorratzeko hainbat kolektiboren laguntza jaso dut.
Zeintzuk dira protagonistak? Zergatik aukeratu duzu emakumeen memoria?
Emakumeak zergatik? Gizonezkoen inguruan asko esan delako dagoeneko. Grezia garaitik gaur egunera arte begiratzen baduzu gizonezkooi zenbat erreparatu diogun eta emakumezkoei zenbat, emakumeenekin bakarrik hasiko bagina bien artekoa berdintzeko, zenbat urte beharko genituzke? Bere lekua eman nahi izan diot emakumeari. Gerran bizi izan zutena ere desberdina izan zen: gizona trintxeran zegoen, eta emakumea herrian. Baina sufrimendua berdina da, eta emakumezkoen kasuan seme-alaben ardura ere gehitu behar diozu. Emakumezkoen ikuspuntua interesgarriagoa iruditu zitzaidan.
Zergatik hasi zinen Elgetatik? Elorriok jarraitzen du izaten bigarren etapako protagonista?
Berez, lehenengo kapitulua Elorriokoa izan beharko zen. Gauza da Lamunarrietatik -Cuatro Mojones- sartu zirela Besaide inguruan. Ondoren Elorriora jaitsi eta Intxortarantz bota ziren, Bergarara begira zeuden gudariei bizkarra hartuz. Mairuak izango ziren seguruenik, sugandila bezala mugitzen zirela diotelako, oso arin. Paisaiak ere ez zuen gaur egungoarekin zerikusi handirik, basorik apenas zegoelako. Elorriokoarekin topera nabil orain: gidoia eginda nuen, beste buelta bat eman eta luzatzeko asmoa badut. Etengabeko formazioan dihardut, Durangoko eta Arrasateko irakurketa klubekoekin egon naiz, baita Julen Rivasekin ere. Orain dela hiru hilabete amaitutzat jo nuen, pertsonak marrazteko prest nago. Orain lan burokratikoa egiten nabil. 2026ko irailerako amaitu nahi dudalako, horrela urrian hurrengo proiektua kateatzeko, zein udal dagoen prest proiektuan sartu eta bertako ikerketarekin hasteko. Elorrion gertatu zaidanaren antzera, sostengurik ez badut lortzen... Nire dirutik nabil jartzen horretarako. Hori ikusita, Elgetakoaren ondoren, asko jota beste bi geratuko zaizkit: bata Elorriokoa da. Bestea zein?
Eibar izango da hirugarrena? Noiz kaleratzeko asmoz? Zertan lagundu dezakegu eibartarrok?
Egia esateko, Elorrion jasotako eskarmentuaren ondoren, gustatuko litzaidake Eibarkoa egitea. Lotura handia dudalako zuen herriarekin: ama jostuna izanda, Alfako makinak etxean betidanik izan ditugulako; aitak Alfan egin zuen lan, eta berarekin askotan joan nintzen bertara. Hortik aparte, Errepublika proklamatu zen zuenean, 34ko Iraultzak ere hor beste inon baino indar handiagoa izan zuen. Pili istorioko protagonista, gainera, nire alter egoa da: guztia kontra izanda ere, arazo guztien gainetik aurrera egin eta bere helburua lortzen duena, benetako epopeia bat. Eibarren izandako esperientzia halamoduzkoa izan da orain arte: batzarra egiteko itxaron behar izan nuen pixka bat, baina oso ondo joan zen, guztiei gustatu zitzaien, eta 3.000 euroko dirulaguntza ere onartu zuten Plenoan. Baina pandemiarekin hor geratu zen asuntua. Gustatuko litzaidake Eibarko kapitulua egitea.
Ordu asko kentzen dizu lanak? Zeintzuk dira iturriak?
Komiki bakoitzak 16 bat hilabete eskatzen dizkit, eta tarte horretan ezustekoak ere izaten dira, bai. Afalosteetan eta asteburuan lan egiten dut. Proiektuan ikerketa dago alde batetik, hor gehiago gozatzen dut, bizipenak entzuten etabar; gero finantzazioa dugu, bi hilabete eta erdi behintzat kenduko dizkizunak, e-mailak alde batera eta bestera; gidoia eta marrazkiekin seitik bederatzi hilabeterako epe horretan ibiltzen naiz; eta, azkenik, marketinga eta salmenta ditugu. Hartu motorra eta harat-honat, eskerrak Elkar-ek ere laguntzen didan. Prentsaurrekoak direla eta ez direla, ni ez naiz horretarako abiatu. Eskerrak gero, kalean, jendeak esaten didan gustatu zaiela eta zoriontzen nauen.