Ainhoa Baglietto, abokatua: "Espetxe politikak ezin ditu giza eskubideak urratu"
- Atzoko berria espero zenuena izan da? Horrelako aldearekin izango zela ere aurreikusten zenuten?
Orokorrean ikusita, argi zegoen besterik ezin zutela onartu. Irakurketa legalki eginez, inolako zalantzarik ez zegoen ebazpena zein izan behar zen. Aurretik ere, estatuan bertan, hiru magistratuk neurriarekin kritiko izan ziren, nahiz-eta gutxiengoa izan. Beldur bakarra Espainiak erabiliko zukeen presioan zegoen, aurretik ere eginak baititu horrelako sententzia politikoak. Inoiz ez dakizu halakoak noraino irits daitezkeen.
- Erabakia zelan hartu dute estatuko agintariek? Komunikabideek izandako jarrera egokia ikusi duzue?
Orokorrean, agindutakoa errekonozidu besterik ez dute egin. Doktrina ezarri da eta sententziaren indarra onartu behar izan dute. Justizia eta Barne ministroen agerraldian Parot legearen amaiera dela argi geratu zen, batez ere oinarrizko lege baten aurka jo dutelako. Komunikabideen kasuan, askotan orokortasunekin jokatu du hainbatek, gehiegi sakondu barik; hor denetarik dago eta trataera ere halakoa da.
- Aurrerantzean Estrasburgotik etorritako erabaki honek zer eragin izan dezake? Politika penitentziarioa aldatzeraino?
Estatua, halako neurriak hartzen dituenean, konsziente eta jakitun da giza eskubideen gainetik diharduela. Behin eta berriro hartzen duen bidea da, estatuaren kultura politikoan barneratuta dago, berdin dio giza eskubideak zapaltzen diren ala ez. Europatik halakoak helduta ere, `guk geureari eutsiko diote´ diote, hau da, salbuespenezko neurriak hartzen. Europak hurrengoan ere kontra egin arte.
- Kartzeletako egoerari dagokionez, agintariak eskuzabalago jokatzeko aukerarik ikusten duzue?
Egia esan, ezin gara egon euren borondatearen menpe. Abokatuon lanetik aparte, herritarren bultzadak behartuko ditu gauzak aldatzera. Doktrinaren irakurketa estuan ezin gara geratu, irakurketa zabalagoa egin behar da: horrek dio giza eskubideak errespetatu behar direla, eta hortik ere jo behar da politika penitentziarioan. Hori ulertu ez badute nahi...
- Zeintzuk dira, Estrasburgokoaren ondoren, eman behar dituzuen lehenengo urratsak? Emanak dituzue dagoeneko?
Bai, berehala jarri genuen martxan Ines Del Rio kartzelatik ateratzeko askatasun-lizentziaren eskaera, eta gauza bera Erresuma Batuan dagoen Troitiñoren kasuan. Jarrain gauza bera egingo dugu ordezkatzen ditugun beste guztiekin.
- Agindutakoa betetzeko badago eperik? Trabak izanez gero, zenbat luzatu dezake orain hasten den prozesua?
Esperientziak dio, nahiz-eta eskaerak indibidualak izan, erabakiak plenoka hartuko direla. Epeei dagokienez, jendeak jakin behar du horrelakoetan, askatasuna tartean dagoenean, legeak agindutakoaren betetzea berehalakoa izan behar dela. Gure aldetik, aste honetan bertan joango gara askatasun-lizentzia eskatzen eta, jakina, Auzitegiak aintzat hartu beharko ditu.
- Epaiak, dena dela, ez dio tinterpretazioari tarterik lagatzen, ezta?
Europak eman duen epaia orokorra da eta ez dio bakarrik erreferentzia egiten Ines Del Riori. Sententziak esaten duena da pertsona bat kondenatua izan bada 1973ko kodearen arabera, ordutik eta 2006ra arte Espainiako epaileek ez dutela kondena horren interpretazioa egin orain egiten den moduan, eta hori ezin dela inoiz ere aplikatu atzera eraginez.
- Azken urteotako neurriak, dena dela, oso murriztaileak izan dira presoentzat, ezta?
Abantaila penitentziarioak eta halakoak kentzeraino... baina horretarako legeak aldatu dituzte. Baina Europak zeozer argia esan badio Espainiako Estatuari izan da presoen kontrako edozein salbuespen neurri berezi bertan behera laga behar duela, ezin delako aplikatu giza eskubideak urratzen dituen espetxe politika bat. Denak ez duelako balio. Hori esan diete Europatik Espainiako agintariei.