Aire girotua jarriko dute Coliseo antzokian, 300.000 euroko aurrekontuarekin
Coliseo antzokian aire girotuko sistema jarriko dute 2027an. Eibarko Udalak 300.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko du horretarako, eta lanak apirilean eta maiatzean egitea aurreikusi du. Hala, sistema udako hilabete beroenetan erabiltzeko prest egotea nahi dute.
Udalak herritarren eskaerei erantzuteko hartutako erabakia dela azaldu du. Izan ere, ekainean, uztailean eta irailean tenperatura altuak izaten dira Coliseoan, eta horrek eragina du antzokira joaten direnengan zein bertan lan egiten dutenengan. Aire girotua jarrita, antzokira joaten diren herritarren eta bertan lan egiten dutenen erosotasuna hobetu nahi du Udalak.
Jarduketa oraindik ez da esleitu. Udalak datorren astean argitaratuko du lizitazioa, eta interesa duten enpresek 26 egun izango dituzte eskaintzak aurkezteko. Kontratazioak proiektuaren idazketa eta obren gauzatzea batera jasotzea nahi du Udalak, prozesua arintzeko.
Lanak egiteko aurreikusitako epea betetzen bada, Coliseok aire girotuko sistema berria izango du 2027ko udako hilabeteetarako.

