AireArte 2013 azoka Errebalen barixakuan
Zona Diez elkartekoek ekitaldi berezia prestatu dute bihar barixakurako: AireArte 2013, moda, artea eta gastronomia batzeko azoka berezia. Asmoa Estaziño inguruko dendariek euren jarduerak batera eta aire librean partekatzea da eta horretarako Errebalgo aparkalekua aukeratu dute. Estetika ere modu berezian zainduko dute: denek karpa berdinetan jardungo dute eta zuriz jantzita egongo dira. Goizeko 11.00etan hasi eta gauerdia pasatuta itxiko dute azoka. Azokaren inguruan, gainera, jarduera osagarriak antolatu dituzte: degustazioak (ardoa, gazta, rissotoa…), kokteleria, pintura eta dekorazio erakusketa, salsa eta gimnasia erritmika erakustaldiak. Eta 20.30etan moda desfilea egingo dute Zona Diez dendetako arropekin eta Ion Fiz diseinatzaileak ekitaldirako lagatakoekin.