Aizpea Goenaga: “Jendeak espero ez duen zerbait ikusiko du Masustondoen Patioan”
Labetik atera berri duten "Masustondoen patioa" lanarekin datoz Vaiven konpainiakoak Eibarrera. "Isabelek hogei urte daramatza jaioterritik kilometro askotara bizitzen, familiatik, sustraietatik eta hazitokitik urrun. Ama, Amparo, gaixotu, eta Isabel etxera itzuliko da bere zaintzan laguntzeko, Candi ahizpak eta aitak arnasa hartzeko aukera izan dezaten, haiek baitira bertan bizi eta egunerokotasunaz arduratzen direnak"...
Sandra Ferrusek idatzi eta zuzendutako lanak familia baten bizitza erakusten du. Zer kontatzen da?
Bizitzari buruzko istorio bat da. Badauka erralismo magikoaren parte bat, haurtzaroko oroitzapenak bakoitzak nola bizi ditugun, familia, auzoa... Errekorrido hori egiten du. Gauzak nola dihoazen aurrera, eta konsekuentziak. Beti esaten dut puzzle bat dela, pieza asko daude eta denek enkajatzen dute.
Lan berri-berria da. Pozik zaudete emaitzarekin?
Aurrekoan Saroben (Urnieta) egin genuen emanaldia gertuko jendearen aurrean, eta oso polita izan zen. Asko hunkitu ginen, ez genuen hain erantzun beroa espero. Barre asko egin zuten, batzuk negar ere bai. Gauza asko gertatzen dira, familia barruko harremanetan gertatzen den bezala. Oso ondo kontatuta dago, modu gertukoan. Burua martxan jartzen dizu, eta hori oso polita da. Gazte asko etorri ziren eta asko gustatu zaitzaien. Ondoren solasaldia egin genuen eta esan ziguten orduan ulertzen zituztela familia barruan ematen diren egoera asko.
Amparoren papera egiten duzu? Nolakoa da bera?
Amparo ama bat da. Bizitzak askotan eramaten zaitu gogortzera, eta Amparo gogortasun hori daukan ama bat da. Emakume horrek hartutako erabaki batzuk ondorio batzuk ditu familian, eta kide bakoitzak ondorio horiek leku desberdin batetik bizi ditu. Flas back asko daude, etengabe goaz atzera eta aurrera, baina, solasaldian esaten zuten bezala, ez zara konturatzen. Oso lan bizia da.
Enpatiari eta duintasunari buruzko lana da...
Batzuetan gure ingurukoen erabakiak ez ditugu konpartitzen, baina entzun egin behar dira. Erabaki horiek batzuetan kalte edo mina egin dezakete, baina duintasunarekin hartzen direnean onartu egin behar dira. Antzezlanean oroitzapenek leku handia dute. Oroitzapenak kariño handiarekin gordetzen dira, nahiz eta gauza batzuk modu gogor batean bizi izan. Oroitzapen gehienak politak izaten dira. Familia baten eguneroko gauzei buruz hitz egiten dugu, ez da oso gauza transzendentalei buruz hitz egiten. Gertutasunatik, oroitzapen horietatik hitz egiten da. Eta hortik mundu bat eraikitzen da, protagonistak bere imaginarioan sortzen duena, eta mundu magiko horrek eramaten zaitu gaur egungo mundura.
Martxelo Rubio eta zu bi bertsioetan aritzen zarete eta beste aktoreen artean batzuk euskarazko bertsioa egingo dute eta beste batzuk gaztelerazkoa. Zer moduz moldatzen zarete?
Oso lantalde jatorra osatu dugu. Konexio handia daukagu gure artean eta hori antzezlanean ikusi egiten da. Elkarren arteko interaktuatze hori oso bizia da. Zuzendariak eraman gaitu horretara, jakina, eta guk bide hori jarraitu dugu. Publikoa ere gurekin batera bide horretan sartzen da, eta istorioa berea egiten du.
Antzezle lanetan aritzeaz gain, itzulpen lana ere egin duzu.
Bai, eta kuriositate bezala esango dizut euskarazko bertsioa ez dela gaztelerakoa baino luzeagoa. Dakizuenez, euskarazkoek gehiago irauten dute, baina kasu honetan oso gurea egin dugu eta azkenean berdin irauten du. Itzulpena nik egin dut, baina gero aktore bakoitzak bere euskara eta bere espresioak sartu ditu, lana aberastuz. Oso euskara maila handia daukate guztiek eta horrek zuk egin duzun lana asko aberasten du. Hizkuntza oso kolokiala da eta horrek lanari laguntzen dio. Ibilbide polita izan da. Egia esan, oso pozik gaude eta espero dut Eibarren ondo joatea. Jende askok esaten du: "Ez dakigu zertara goazen". Eta hori da politena, butakan eseri eta kitto. Zure burua bide horretan uzten baduzu, disfrutea oso polita izango da. Gure artean disfrutea dago eta gure helburua da publikoari gozamen hori pasatzea, alde gozo eta gaziekin. Sorpresa izango da jendearentzat, espero ez den gauza bat ikusiko dute. Gazteentzako, helduentzako... denentzako polita da. Ez naiz saltzaile ona eta, esaten badut, zeozergatik da.
Ziur gaude eibartarrek oso ondo erantzungo dutela. Gainera, ondo ezagutzen duzun publikoa da.
Eibarko publikoa zoragarria da, oso entregatua. Donostiakoa hotzagoa den bezala, Eibarkoa oso beroa da. Gainera, nik Eibarko kuadrilla daukat, oso eibarzalea naiz. Gure amona zenak zera esaten zuen: "Donostin biziko ez banintz, Eibarren biziko nintzateke. Zergatik? Emakumeek inon bezala bizitzen badakitelako". Amonarekin bat dator.
.