Al Fitrah topagunea zabaldu dute Urkizun
Urkizuko dorreetan, zentro medikoa zegoen tokian, Al Fitrah topagunea inauguratu zuten joan den barixakuan. Erakundeen eta hainbat elkarteren eta herritarren babesa jaso zuten bertan, eta herritarren elkarbizitza hobetzeko eta Eibarko komunitate islamikoaren beharrak asetzeko lan egingo dutela adierazi digute.
Azken hamarkadetan hazi egin da Eibarko komunitate islamikoa eta behar berriak sortu dira herria osatzen duten biztanleen artean. Hainbat programa eta ekintza abiatu dira behar horiek asetu asmoz, eta Al Fitrah topagune berriak erantzunak eman nahi dizkie horietako batzuei.
Aziz Messaoudi gizarte hezitzailea da Al Fitrah topaguneko arduradunetako bat eta elkartearen berri eman digu. Hasteko, oso pozik agertu da barixakuko inaugurazioagatik. “Guretzat arrakastatsua izan zen. Bai antolakuntza aldetik, bai bertan parte-hartu zutenengatik. Alkatea, zinegotziak, immigrazio teknikaria, udaltzain-burua eta Ertzaintzaren ordezkaria etorri ziren eta, horrez gain, baita auzoko elkarteetako ordezkariak ere”, esan digu telefonoaren beste aldetik.
Inaugurazioan elkartearen eta helburuen berri eman zuten. “Al Fitrah proiektu soziokulturala da eta gure aletxoa jarri nahi dugu Eibarren”, diosku. “Arazoak konpontzen eta ahal dugun guztian laguntzen saiatuko gara. Besteak beste, bizilagunen arteko elkarbizitzaren alde lan egitea eta kolektiboen arteko gatazkak saihestea nahi dugu. Hori da garrantzitsuena”.
Zentzu horretan, gauza bat laga nahi dute oso argi: “Badaude arlo honetan lan egiten duten elkarteak eta mezkitak, eta ez dugu nahi eurek pentsatzea konpetentzia egitera gatozenik. Lagundu eta bete ezin izan diren hutsuneak bete nahi ditugu, beste barik”, argitzen du Messaoudik. “Eta bestetik, bizilagunei argi eta garbi esan nahi diegu topagunea ez dela mezkita bat izango”.
Orri zuria
Al Fitrah da topagunearen izena eta horrek badu arrazoi bat. “Esanahi asko ditu. Al Fitrah izena aukeratu dugu erlijioarekin eta gure asmoekin zerikusia duelako. Fitrah izena itzultzailean jarriz gero, ‘instintua’ edo ‘gizatasuna’ bezalako hitzak agertuko dira. Berba horri arlo erlijiosotik helduz gero, ostera, jainkoarenganako inklinazioa esan nahi du. Pertsona guztiak natural-natural jaiotzen gara, eta denborarekin trebetasunak eta jokabideak ikasten ditugu. Fitrah orri zuria da eta bertan idazten da guztia”, azaldu digu Messaoudik.
Izenak iradokitzen duen bezala, Urkizun ere orri zuria laga dute herritarrek bertan idatzi dezaten. “Umeak jaiotzen direnean instintuak dituzte eta helduek gauzak irakasten dizkiete. Gu geu ere hasi gara herrian lagundu ahal digutenekin bilerak egiten eta eurengandik ikasten dugu zer egin eta nola lagundu dezakegun jakiteko”.
Entzun eta eman
Ateak berriki zabaldu dituzten arren, Al Fitrah komunitatekoek lanerako zenbait lerro identifikatu dituzte eta martxan dabiltza dagoeneko. Elkarteekin eta bizilagunekin egindako bileretan hainbat behar identifikatu dituzte eta Messaoudik honakoak azpimarratzen ditu: “14-22 urtekoen artean dagoen eskola-porrota, bizikidetza-arazoak, arazo familiarrak… dira komunitate musulmanak dituen ardura nagusienak eta horien inguruan lan asko egin daiteke”.
Arazo horiei erantzuna emateko ekintzen artean daude arabieraren irakaskuntza, orientazio soziolaborala eta hezkuntza-orientazioa (BHI eta Batxilergoko ikasleentzat batez ere). “Askok ez dakite hemengo eskola-plana zein den ere. Uste dute BHI egin ondoren Erdi Mailako Heziketa Zikloa egin behar dela eta kitto, hor amaitzen dela mundua. Batzuek ezta hori ere, lehenago amaitzen dituztelako ikasketak. Lanean hasten dira, baina, lanik ez badago, arazoak sortzen dira. Beraz, familiei euren seme-alabak unibertsitatera joan daitezkeela eta tituluak izan dezaketela erakutsi nahi diegu, esperantza hori eman, horren bitartez gizartean presente egon daitezen”, diosku Messaoudik.
Ongi etorri auzora!