Alaitz Ibarrola, Idoia Uruñuela eta Doha Benslaiman: “Gauza bat egitea posible dela ikusten baduzu, egingarriagoa bihurtzen da”

Orri hauetan astero jasotzen ditugu euren emaitzak, lorpenak eta baita porrotak ere, baina zenbaki eta letra horien atzean esfortzuak, nahiak, pozak eta tristurak gordetzen dira. Gertutik ezagutzen dute hori Idoia Uruñuelak, Doha Benslaimanek eta Alaitz Ibarrolak, eta euren ahotik entzuteko aukera eman digute.
2026/03/06 16:16
Ekhi Belar Errasti

Doha Benslaiman Eibar Rugby Taldeko jokalaria da, Idoia Uruñuela Eibar Triatloi Taldeko kidea eta Alaitz Ibarrolak Urbat Urkotronik waterpolo taldean jokatzen du. Bakoitzak kirol bat egin arren, gauza asko amankomunean dituztela erakutsi digute.

 

Zuentzat kirola zer da? Nolako garrantzia du zuen bizitzan?

ALAITZ: Niretzat bizitzeko modu bat da. Lagunak ere kirolean egin ditut, egunero egiten dut kirola eta nire errutinan dago txertatuta.

IDOIA: Bizitzeko era bat da niretzat ere. Triatloian, normalean, egunero edo ia egunero entrenatzen dugu, beraz uneoro dugu presente. Gainera, jendea ezagutzeko beste modu bat ere izan daiteke.

DOHA: Kirolak indar handia du nire egunerokoan. Ez bakarrik aldaketa fisikoa ekartzen duelako, baizik eta nortasunean ere eragiten duelako ere: diziplinan, zure izateko moduan... Errugbian ordu asko ematen ditugu entrenatzen eta taldekideekin etxekoekin baino denbora gehiago pasatzen duzu ia-ia.

Nola hasi zineten kirola egiten eta nola garatu duzue ibilbidea?

ALAITZ: Kasualitatez hasi nintzen 13 urterekin. Lagun batek waterpoloan apuntatzeko esan zidan eta hori egin nuen. Harrezkero, Urbateko nesken taldeak 10 urte egin ditu. Izena eman genuenean entrenatzea besterik ez genuen buruan, talderik ez zegoelako, eta guk sortu genuen. Ez zen erraza izan, baina atzera begiratzean pozez begiratzen diot bideari, egin dugun guztiagatik eta iritsi garen tokiarengatik. Zoriontsu izan gara 10 urte hauetan.

IDOIA: Ni eskubaloian hasi nintzen, baina hori laga eta 2019an lasterketa batera apuntatu nintzenez, korrika egiten hasi nintzen. Gero, Olentzerok errepideko bizikleta ekarri zidan eta, pixkanaka, triatloiarenganako gosea pizten hasi zitzaidan. Orduan, triatloi supersprint herrikoi bat egin nuen eta Eibar Triatloi Taldera batzea erabaki nuen. Orain, oso gustora nago taldean, baina egia da Eibar Triatloi Taldean hiru neska bakarrik gaudela eta askotan zailtasunak izaten ditugula talde bezala lehiaketetara joateko. Esate baterako, apirilaren amaieran Plentzian triatloia egingo da eta talde bakoitzean lau neska egon behar dira gutxienez parte hartu ahal izateko; beraz, ezingo dugu taldea eraman.

DOHA: Aldaketa fisikoa izan nahi nuelako hasi nintzen errugbian eta hasi bezain pronto konturatu nintzen kirola ez dela hori bakarrik, askoz ere gauza gehiago ematen dituela. 2016an hasi nintzen eta luze jarraitzea espero dut. Hasi nintzenean Euskal Ligan geunden, nahiko kaxkar, baina oso garapen ona izan dugu, oso emaitza onak lortu ditugu, tartean Ohorezko Mailara igoz. Iaz okerrago ibili ginen eta maila galdu genuen, baina berriz ere helburuak finkatu ditugu eta talde-lan ona eginda berriz igotzea espero dugu.

Kasu askotan, bidea zabaldu egin duzue. Herriko neska gaztetxoen erreferente izan zaitezketela pentsatzen duzue?

ALAITZ: Gure belaunaldiak, 13 urterekin, senior taldea sortu zuen. Ez genuen erreferenterik, Euskal Herri mailan waterpoloa kirol minoritarioa izanik... Itsu-itsuan genbiltzan pixka bat. Orduan, ez dakit erreferenteak garen, hitz potoloa delako, baina polita da etortzen diren neska gaztetxoek ikustea badagoela nagusien talde bat eta gure ibilbidea ezagutzea. Jarraitu dezaketen bide bat ikusten dute.

IDOIA: Ez dut nire burua inoren erreferente ikusten, baina neskatoek korrika edo bizikletan ikusten nautenean pentsatzen dut oso neska gutxi ikusten dela hori egiten eta, agian, hori egitera bultzatu ahal diedala. Eibarren arazo larria dago korrika egitearekin eta emakumeekin. Ez da normala Eibartik Behobia-Donostia lasterketara 20 emakume joatea eta Asier Cuevas lasterketan horren erdiak ere ez izena ematea. Emakume askori lotsa ematen die korrika egiteak eta lotsa hori kendu edo gaia landu beharko genuke.

DOHA: Errugbian hasi nintzenean izan nituen erreferenteak, adibidez Amaiur Mayo, eta urteak pasa ahala zuk hartzen duzu rol hori. Gaur egun, taldeko beteranoenetariko bat naiz eta ez dakit inorentzat erreferentea naizen, baina bai isladatzen dut zerbait. Adibidez, errugbian jokatzen duen emakumea naizela, normalean gizonei lotuta egon den kirol batean, kontaktua eta gogortasuna beti harremantzen delako gizonekin. Bestalde, nire kasuan beste komunitate edo erlijio bat isladatzen dut. Askotan, buruan zapiarekin ikusten nautenean (batez ere hirugarren denboran, partiduetan kaskoa janzten dudalako) jendea harritu egiten da modu positiboan, ez delako egunero ikusten den zerbait. Ni neu ere harritzen naiz beste bat ikusten dudanean. Ez dakit inork erreferente bezala ikusiko nauen horregatik, baina bai da aldaketa bat. Aldaketa txikiak dira, baina normaltasunez ikusten bada, aurrerapauso nabarmenak emango ditugu. Multirikiroletan umeak entrenatzen aritu naizenean edo gaztetxoen taldeetakoek jokatzen ikusi nautenean, neskatxoak gerturatu egin zaizkit, sorpresa hartu dutelako. Azkenean, gauza bat ikusten ez baduzu, zailagoa da hori egitea edo hori egiteko mugatuta sentitzen zara; baina posible dela ikusten baduzu, egingarriagoa bihurtzen da. Adibidez, ilobak nire pausoak jarraitu nahi ditu eta errugbilaria izan, bidaiatu, eta abar.

Taldeka edo bakarka ari zarete zuen kirolean. Zein alde on eta txar ikusten diozue horri?

ALAITZ: Taldekako kirola egin dut bakarrik eta lagunekin jokatzea abantaila dela esango nuke. Banaka zabiltzanean ardura guztia zuk hartzen duzu eta taldean banatu egiten da ardura hori. Huts egiten duzunean besteengan pentsatzen duzu, baina lagundu egiten zaituzte.

IDOIA: Nik kontrakoa pentsatzen dut. Eskubaloian taldean ibili nintzen eta konpromiso bat nuen asteburuetan, entrenamenduak egun eta ordu zehatzetan egin behar ziren... Eibar Triatloi Taldekoak elkarrekin joaten gara lasterketara eta hasi aurretik talde-giro ona dugu, baina horraino. Entrenatzerako orduan, lanarekin edo ikasketekin uztartzeko, errazagoa da banakako kirolean aritzea. Nahi edo ahal duzunean entrenatzen duzu eta zugan bakarrik du eragina. Lasterketetan ere, egun txar bat baduzu, laga egin dezakezu eta ez da ezer pasatzen. Gainera, nik aukeratzen dut zein lasterketa egin. Askatasun gehiago duzu.

DOHA: Nik alderantziz ikusten dut hori. Zure bizitza kirolera egokitzea lortzen baduzu, horrek demaseko balioa dauka. Gainera, kirola taldean egiteak gehiago ematen dizula uste dut. Momentu txarrenetan taldekideek lagundu egiten dizute, zuk ere laguntzen diezu, diziplina ikasten duzu, helburu amankomun batengatik lehiatzen zara, errespetuarekin eta konpromisoarekin lan egiten ikasten duzu... Horrek hezi egiten zaitu eta pertsona moduan hazten zara. Bestalde, taldekako kirolean, lur-jota edo etsita bazaude, amore emateko gogoa izaten duzu, baina taldekide bat etortzen bazaizu eta gai zarela eta dena psikologikoa dela esaten badizu, behar duzun energia ematen dizu. Buruak huts egin dezake, baina alboan benetako taldekideak badituzu, errugbian gertatzen den bezala, aurrera egiten duzu. Izugarria da.

IDOIA: Triatloi lasterketetan bakarka lehiatzen gara, baina bidean askotan egiten dugu topo taldekideekin eta gure artean asko animatzen gara. Ez da gauza bera, baina bada zerbait. Diziplina aldetik ere, nik neuk askotan ez dut entrenatzeko gogorik izaten, adibidez euria egiten duenean, baina atera egin behar zara eta horrek bultzatu egiten zaitu. Gure kasuan, geure buruarekin dugu konpromisoa.