Alberto Pinzón, kolonbiar exiliatua: “Oraingo prozesuak aurrera egiteko aukera gehiago ditu”
Gaur egun La Habanan eta Parisen Kolonbiako gobernuaren eta hango gerrillaren artean hasitako negoziazio prozesua baikor ikusten du Pinzonek, baina aldi berean horren inguruko mehatxuez ohartarazten du: “Batez ere, estatuaren terrorea da mehatxu eraginkorrena bake negoziazioentzat”.
Uribe presidente-ohiak bere aurka harrapatzeko agindua zabaldu zuenetik, Pinzon ez da bere herrira bueltatu. Baina bere jarduna bere jaioterriko egoera konpontzeko ahaleginaren bidetik ez da alboratu. Portalean eskainitako hitzaldian, “bolivarismotik” abiatu zen eta, Kolonbia eta Venezuela partekatzerakoan, “bizkarretik jositako siamesen” adibidea jarri zuen: “Venezuelan Bolivarri begira jarri ziren moduan, Kolonbian Francisco de Paula Santander-ek markatutako bidetik jo da orain arte”.
Gaur egungo elkarrizketei begira, baikor egoteko moduko hainbat elementu ikusten ditu Pizonek: “Orain arte inoiz eman ez den giza mobilizazioa dugu gaur egun eta horrek ez du ahalbidetzen lehen eman zen Bogotaren erreketa berriz gertatzea; hor badago antolaketa bat”. Dena dela, ez du gaur egun ere indarrean dagoen “agintari klaseen blokearen” indarra gutxiesten. Batez ere, gaur egun dauden “soluzio politikorako aukerei” eutsi nahi die, “soluzio militarrak baztertuta”. Aurreko negoziazio faseetan, “desmobilizazioa, desarmea eta birgizarteratzea izaten ziren ardatz, beti ere agintetik bultzatuta. Oraingoan beste bide batetik goaz”.
Kolonbiak gaur egun duen egoera agertzerakoan, “euren bizilekutik bidalitako hiru milioi lagun ditugu eta baita 9.500 preso ere”, dio. Armadan milioi erdi soldadu dituela dio, “barne-produktu gordinaren %6,5 gastatzen dutenak. Zertarako, baina?”. Horrez gain, AEBk bederatzi base militar dituzte bertan, “Vietnam-en zituzten bezalakoak”. Gerrillari dagokionez, “FARC-ek 8.000 lagun izango ditu eta MLN-k 1.500 bat”, dio deserriratuak.
Kubaren ordainezinezko zerbitzua
Negoziazio ahaleginei inguruan egindako hausnarketak errepasatuz, “beti pentsatu izan dut gatazkaren irtenbide militarra ezinezkoa zela, edo oso garestia”, dio. Baita “gerrillak eta estatuak, biek dute erantzukizuna, baina bi gauza desberdin dira. Estatu terrorearen eragileak amorratuta daude, bakartuta gelditzen ari direlako”. Aldi berean, hirugarren baten parte-hartzea azpimarratzen du: “Oraingo negoziazioetan, gobernua eta gerrilarekin batera, Venezuela, Txile eta Noruega daude. Eta FARC-ekoak ez dira narko-terroristak balira moduan tratatuak izan”. Horrez gain, “Kubak segurtasuna eskaintzen dizkie bi aldekoei”. Pinzonek garrantzi berezia ematen dio apirilaren 9an Bogotan egindako bakearen, justizia sozialaren eta soberaniaren aldeko ibilaldiari ere: “Jakizue AEBk munduan duen enbaxada handienaren aurretik pasatu zirela. Beste egoera batean ez zuten halakorik baimenduko”.
Medikuak, dena dela, arriskua ere ikusten du negoziazio prozesu honetan: “Pastranaren sasoiko metodoari jarraitzen zaio, gerraren erdian negoziatzeari; horrek beti eskaintzen du aukera prozesua bertan behera lagatzeko”. Alde guztien artean borrokari amaiera emango dion komunikatua itxaroten duen bitartean, Kolonbiak bizi duen egoera berezia azpimarratzen du: “Hegoamerikako herrialde bakarra da nekazal erreformarik egin ez duena eta bertako latifundistek gorroto bizia diote prozesuari”. Kolonbiarrak modernitate aurreko sasoian bizi direla dio: “XIX. mendean bederatzi gerra zibil izan ziren, hamar urtetik behin. Azkena Mila egunekoa izan zen, matxeteak dantzan ibili zituena”. Egoera horri aurre egitea beharrezkoa ikusten du Pinzonek, “ongi bidean”.