Matraka neska* gazte taldeak zaintza-lanetan dagoen desoreka erakutsi du gaur Untzagan
Barixakuan, Martxoaren 8an, Matraka neska* gazte taldeak antolatutako manifestazioa egingo da Eibarren, 19:30ean Untzagatik hasita eta, girotzen joateko, Matrakak zaintza lanen banaketa desproportzionala agerian laga nahi izan du gaur, arratsaldean Untzagan egin den ekitaldian.
2024/03/06
21:16
eta kitto!
Gaur Untzagan egindako ekitaldian, Emagin elkarte feministak emandako datu batzuk erakutsi dituzte, herritarrek emakume eta gizonen artean dagoen aldea ikusteko. Deigarrienak idatziz eraman dituzte, pankartetan, baina denon arreta merezi duten beste zenbaki eta portzentaia batzuk ere eman dituzte aditzera. Jarraian, gaurko ekitaldian irakurritako idatzia osorik daukazue:
- Euskal Herrian, gaur egun, zaintzarako zerbitzuak gero eta pribatizatuago daude. Zaintza lanak emakumeon gain uzten dituzte eta emakumeok egiten dugun lanaren produktibitateaz baliatzen dira metaketa kapitalistarekin jarraitzeko. Horrekin lotu behar da familietan ematen den esplotazio patriarkala, zeinetan emakumeen gehiengo batek doan egiten duen lan.
- EAEn, EAJk (PSEren laguntzaz) eta Nafarroan, alderdi neoliberal ultrakontserbadoreek1, zaintza lanekin negozio egin dute. Azken hogei urteetan, sistematikoki pribatizatu dituzte ahal izan dituzten zaintza-zerbitzu publiko guztiak, enpresa lagunen eskuetan jartzeko eta horietatik milioi askoko etekinak ateratzeko, zaintzaren kalitate eza eta langileen lan-baldintzen kontura.
- Eta jendartean nola banatzen dira zaintza lanak gaur egun?
- EAEko Denbora Aurrekontuen Inkesten arabera, emakumeek etxeko lanen eta zaintzaren %70 inguru egiten dute. 2021ean, emakumeek batez beste 9,5 ordu dedikatzen zituzten egunean etxeko lanetan, adin gabeak eta mendeko pertsonak zaintzen, eta gizonek, 6,5 .
- EAEn biztanleria ez aktibo gisa izendatzen direnen artean, 360.400 emakume dago eta horiek maiz egiten dituzte etxeko zein zaintza lanak. Ez-aktibo dauden gizonen %31,8k ez du sekula etxeko lanik egin, edo oso noizbehinka bakarrik.
- Hego Euskal Herrian 182.000 dira etxeko lan ez ordaindura esklusiboki dedikatzen diren pertsonak. Gehien-gehienak emakumeak dira eta ez dute inolako prestazio edota soldatarik jasotzen.
- Emakumeek urtean 400 ordu gehiago lan egiten dute batez beste, baina %25 gutxiagoko soldata dute (ordu asko eta asko ordainduak ez diren lanetan ematen baitituzte).
- Emakumezkoen lan-merkaturatzea masiboa izan arren, horrek ez du ekarri beste eginkizunetako lanak murriztea.
- Profesionalizatutako zaintza lanetan emakumeak dira nagusi. Lan merkatuan lanean dauden emakumeen artean, %10ak zaintza lanetan jarduten du eta etxeko langileen %90 dira emakumeak.
- Azken horietan arrazilizatutako emakumeak eta etorkinak gailentzen ari dira.
- Aski da! Ez dugu kapitala sistemaren zentroan jartzen duen sistema batean bizi nahi, guk bizitzak erdigunean jartzeko borrokatuko dugu eta horretarako instituzioei erantzunkizunak hartu eta gure bizitzekin negozioa egiteari utz diezaieten eskatzen diegu!
- Gure bizitzekin negoziorik ez! Erantzunkizunak hartu orain!