Aldatzek ate irekien jardunaldia antolatu du bihar zapaturako
Bihar (zapatua, hilak 26) Aldatze Danok Gara ate-irekien jardunaldia hartuko du Aldatze (Probidentziako Andra Mari) ikastetxeak. Gaur goizean (barixakua, hilak 25) ikastetxean bertan egin duten aurkezpenean azaldutakoari jarraituta, "biharko ekitaldiaren bidez gure Ikastetxeko ateak irekiko ditugu, nortzuk garen gogoratzeko eta ospatzeko". Beraz, ikastetxea ezagutu nahi duen jende guztiarentzat ateak zabalik izango dira bihar.
Biharko ekitaldia 11.00etan hasiko da, ate-irekietara gerturatutako guztiei harrera eginda. Jarraian, 11.15etan bisita gidatuari ekingo diote eta 11.30etatik aurrera hainbat tailer ipiniko dituzte martxan. Eguerdian, 12.15ak aldera hamaiketakoa eginda agurtuko dute ekitaldia.
Gaurko aurkezpenean esandakoari jarraituz, "gure ikastetxeak garai ezberdinak bizi izan ditu, baina gure helburua beti izan da ahalik eta hezkuntzarik bikainena eskaintzea eta, horretarako, ezinbestekoa izan dugu guztion parte hartzea eta elkarlana, hau da, irakasle, ikasle, guraso eta familiena, denon artean lor dezakegu-eta gure ikasleak pertsona adimentsuak, erantzuleak eta bizitza honetarako behar bezala prestatuak izatea". Horren adibidea biharko ekitaldian ezagutzera emango duten Zirraren Ibilbidea, Innobasque-ko inteligentzia-emozionalaren kontsorzioarekin elkarlanean garatzen diharduten lana da. Iaz ekin zioten elkarlan horri eta emaitza Emozio-alfabetizaziorantz Aldatzen proiektua izan da.
Proiektu horretan gurasoek, irakasleek eta ikasleek batera dihardute: gurasoek iazko azaroan izan zuten lehenengo saioa eta bertan ikastetxeko familien %15k hartu zuten parte. Hurrengo saioa otsailaren 6an izango dute; irakasleek formakuntzarako tailerrean beharrean dihardute, DBHko 1. zikloko, DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 2. mailako ikasleen tutoretzak hobetzeko trebakuntza lantzen; eta ikasleen lanaren emaitza gurasoei eta batxilergoko 2. mailako ikasleei zuzendutako hitzaldi irekian ezagutzeko aukera izango da, datorren astelehenean (hilaren 28an) Portalean, Hainbat adimen etorkizuna bideratzeko izenburuari jarraitutako berbaldian.