Aldatzek Haur Eskola inauguratu du
Aldatze ikastetxeko Haur Eskolak gaur (eguena, hilak 27) ekin dio bere ibilbideari, Zezenbide kaleko 3an. Horrela, Haur Eskola inauguratuta, Aldatzek bere heziketa-eskaintza haunditzen du, 0 eta 18 urte bitarteko ikasleei zerbitzua emanez. Ekitaldian Arrate Larrañaga Probidentziako Andra Mariren erlijiosen probintziaburuak, Marisabel Albizu Aldatze ikastetxeko zuzendariak, Miguel de los Toyos alkateak, Marijose Telleria Garapen Ekonomikoa, Berrikuntza eta Enplegu zinegotziak, Juan José Etxeberria Jesusen Lagundiaren probintziaburuak, Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendariordeak, Casilda Sarobe La Salle Ikastetxeko zuzendaritzako kideak eta beste hainbatek hartu dute parte.
Aldatzeko zuzendariaren eta Eibarko alkatearen hitzaldiaren ostean, instalazioak bisitatu eta eskaintza ospatu dute. Jarraian ikastetxeko ordezkariek bere hezkuntzaren filosofian oinarritutako mezuak kutxa batean sartu dituzte. Ikasleen gurasoek eta aitxitxa-amamek ere hartu dute parte ospakizunean, euren seme-alaba eta ilobentzako mezuak lagata. Kutxa hori itxita egongo da, aurten Haur Eskolan hasi diren ikasleek bere ikasketak amaitu arte. Kutxa hori lorontzi batean lurperatuko da ikastetxe nagusiko lurrarekin, eta landare bat landatuko dute.