Alexander Arriola, SPRI-ko zuzendarixa: "Enpresa sorkuntza inportantia da, baiña betikuari eutsi bihar detsagu"
- Martxuaz geroztik SPRI-ko zuzendarixa zara. Zelako esperientzixa izaten dihardu?
Sektore pribatutik publikora saltua emon dot. Aurretik Txinan, Shangain eta Pekiñen zazpi urte emon dittut biharrian CiE Automotive eta Gamesa enpresendako eta, SPRI-ko zuzendarixa izateko aukeria sortu zanian, enpresa gizona naizen aldetik ezin neban ezetzik esan, pozik dihardut.
- Industria Sustatzeko eta Eraldatzeko Baltzua da SPRI, baiña zeintzuk dira bere funziño nagusiñak? Zer egitten da bertan?
SPRI taldia Eusko Jaurlaritzako enpresa garapenerako agentzia publikua da eta zeregin nagusiña euskal enpreseri laguntasuna eta bultzadia emotia da. Horretarako Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailleko aurrekontuaren %75 kudeatzen dau. Arlo diferentietan jarduten dogu: internazionalizaziñua, enpresa sorkuntza, teknologixia eta barrikuntza, ekimenak eta proiektu estrategikuak, azpiegiturak (enpresendako lurra-eta SPRILUR bittartez, parke teknologikuak…) eta finanziaziñuak (laguntasunak…) dira inportantienak. Normalian diru-laguntasunak kudeatzen dittugu, enpresa barrixak sortzeko, teknologixa arluan barritzeko, enpresendako finanziaziñorako…
- Zeregiñen artian inportantienetakua enpresen premiñeri erantzutia da. Zer eskatzen dabe gehixen?
Batez be diru-laguntzak eta arlo teknologikua lantzeko laguntasunak eskatzen deskuez.
- Eta eskatzen dittuenak bat datoz benetan dittuen premiñekin?
Gaur egunian baietz pentsatzen dot, benetan bihar dabena eskatzen dabe. Bankuak gero eta gitxiago laguntzen dabenez gero eta gehixago joten dabe guregana. Gobernuak ezin dau beti danian lagundu, baiña ahal dabenetan behintzat laguntzen ahalegintzen gara.
- Oin dala gitixi egindako beste alkarrizketa batian "krisi" berbia gustatzen ez jatzula esan dozu. Zein da horren gaiñeko zure iritzi pertsonal hori?
Neretako krisixan egotiak esan nahi dau egoera txarrian zaguazela eta bertatik zelan urten ez dakizula, baiña gobernu honek badaki egoera honetatik zelan urten eta, gañera, horretarako erreminttak be badittu. Proiekto onak badagoz, eta egoeria nahiko eskasa izanda be, errekuperaziñorako lehen pausuak emoten hasi gara. Euskadin enpresa gehixenak, %70 eta %80 bittartian PYME-ak dira eta proiekto onak, barriz, enpresa haundixak dittue, baiña enpresa haundixak ertaiñ eta txikixendako traktoriak izango dira.
- Internazionalizaziñua aittatu dozu lehen, baiña ez dozu pentsatzen bihargiñ askorendako berba hori mehatxuaren sinonimua dala?
Jendia ikuspegixa aldatzen hasi bihar da, internazionalizaziñua mehatxua baiño aukera moduan ikusten hasi bihar da. Sasoi barri batian gaoz. Enpresa batek beste herrialde batian konponente merkiaguak egittia lortzen badau, horren kontra ezin leike konpetidu. Ostera, I+D eta holakuak produktueri balixo erantsixa emoten detse.
- Txinari be beldur haundixa detsagu, laster merkatu osua euren esku egongo ei da. Zuk zazpi urte pasau dozuz han biharrian, zer pentsatzen dozu?
Txinuak oin dala hamarkada batzuk Euskadi eguan moduan dagoz oin momentuan. Eboluziñua emongo da, gaur egunian Txina ez da hain merkia eta sosiguz-sosiguz horren merkia izatiak emoten zetsan indar hori galtzen juango da.
- Eta etxera begira ipiñitta, zelan ikusten dozu Eibarko industria?
Eibartarrak uste dogu gure aitxitxak egindakuarekin dana eginda dakagula, euren errentan bizi gara. Mentalidadia aldatu bihar dogu aurrera egitteko.
- Egoeriak derrigortuta-edo, azken aldixan proiektu eta ideia barri mordua dihardue sortzen. Etorkizuna hortik etorriko dala pentsatzen dozu?
Enpresa barrixak sortzia ondo dago, beti be atzian ideia on bat baldin badago. Proiektu senduak bihar dira eta, ahal dala, lanpostuak sortzen dittuanak. Izan be, holako proiektu asko autoenpleguari begira sortzen dira. Enpresa sorkuntza inportantia da, baiña betikuari eutsi bihar detsagu, hórretxek diralako gure ekonomixaren oiñarrixa.