Alexander Arriola SPRIko zuzendari nagusi izendatu dute
Aurreko barixakuan (hilaren 22an) izendatu zuten Alexander Arriola Lizarriturri eibartarra SPRI-ko zuzendari nagusi. SPRI Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako sozietate publikoa eta Eusko Jaurlaritzako enpresa garapenerako agentzia da eta bere helburu nagusia euskal enpresak sustatu eta bultzatzea da. Zuzendari izendatu berria industria antolakuntzako eta informatika kudeaketako ingeniaria da eta bost hizkuntza dakizki. Bere ibilbide profesionalari begiratuz gero, Arriolak azken sei urteetan zuzendaritzako goi-karguetan jardun du Txinan bi euskal enpresentzat, Gamesa eta Cie Automotive-entzat; bietan erosketen zuzendaria izan da. SPRI Taldeak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko aurrekontuaren %75 kudeatzen du, zerbitzu, programa, inbertsio eta diru-laguntzen bidez.