Martxan da Egoaiziaren “Eibar Eraldatuz” kontsumo arduratsuaren kanpaina

“Ohitura txikiek herria eraldatzen dute” da aurtengo kanpainaren leloa; uztailean jarri zuten martxan eta abenduaren 15era arte egongo da indarrean.
Martxan da Egoaiziaren “Eibar Eraldatuz” kontsumo arduratsuaren kanpaina
2026/08/28 11:38
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Martxan da EGOAIZIA GKE eibartarrak antolatutako “Eibar Eraldatuz” kanpaina, herrian kontsumo “arduratsuagoa, kontzienteagoa, eraldatzaileagoa eta hurbilekoa” sustatzeko. Ekimenaren bidez, Eibarren dauden kontsumo alternatibak ezagutarazi eta herritarrak horiek erabiltzera animatu nahi dituzte. Kanpaina uztailean jarri zuten martxan, “Ohitura txikiek herria eraldatzen dute” lelopean, eta abenduaren 15era arte egongo da indarrean.

Ekimenak ideia sinple bat du abiapuntu: “Kontsumitzen dugun bakoitzean erabaki bat hartzen ari gara. Non erosten dugun, zer produktu kontsumitzen ditugun edo zer zerbitzu kontratatzen ditugun aukeratzeak eragina du ingurunean, pertsonengan eta sostengatzen laguntzen dugun eredu ekonomiko eta sozialean”.

Horretarako, Eibar Eraldatuz ekimenak mapa digital bat du, herrian dauden kontsumo-aukera desberdinak ezagutzeko. Mapa horren bidez, herritarrak dagoeneko ezagutzen dituzten ekimenak aurki ditzakete, baita oraindik ezagutzen ez dituzten beste batzuk ere. Parte hartzen duten saltoki eta zerbitzuen mapa, kanapainaren inguruko informazioa eta oinarriak EGOAIZIAren webgunean kontsulta daitezke. 

Zerbitzu eta saltoki sare bat

Eibar Eraldatuz EGOAIZIAren ekimena da, Eibarko Udalaren laguntzarekin antolatzen dena, eta 2021az geroztik kontsumo arduratsuarekin konprometitutako saltokiak, zerbitzuak eta tokiko bestelako alternatiba ekonomikoak biltzen ditu.

Sarean parte hartzeko, ekimenek Eibarrekin lotura izan behar dute eta hainbat irizpide bete behar dituzte. Besteak beste, ekoizpen ekologikoa, tokiko eta zero kilometroko kontsumoa, berrerabilpena, ingurumenaren zaintza, berdintasuna, bidezko merkataritza, ekonomia solidarioa edo finantza etikoak hartzen dira kontuan.

Kanpainaren helburua ez da soilik gertuko merkataritzari ikusgarritasuna ematea. EGOAIZIAk hainbat esparrutatik ekonomia “hurbilagoa, jasangarriagoa eta pertsonekin zein ingurunearekin konprometituagoa” eraikitzen laguntzen duten ekimenak ere balioan jarri nahi ditu.

5 euroko balea eskuratzeko aukera

Kanpainan parte hartzen duten saltoki eta zerbitzuak ezagutzera emateko, “Eibar Eraldatuz Txartela” eskuratu ahal izango da. Horretarako, kanpainaren sarean parte hartzen duen saltoki edo zerbitzu batean erosketa egin beharko da.

Ondoren, sareko hiru establezimendu desberdinetan erosketak egin eta hiru zigilu, sinadura edo online kode lortu beharko dira.

Txartela osatutakoan, urriaren 24an trukatu ahal izango da, 10:00etatik 14:00etara, Errebalen egingo den Eibarko XII. Kontsumo Arduratsuaren Azokan, EGOAIZIAren standean.

Baliozko txartel bakoitzeko 5 euroko balea emango da, aleak agortu arte. Balea kanpainan parte hartzen duen edozein saltoki edo zerbitzutan erabili ahal izango da, abenduaren 15era arte.

Dinamika horren bidez, EGOAIZIAk herritarrek dagoeneko ezagutzen dituzten establezimenduetara joateaz gain, tokiko ekimen berriak deskubritzea eta Eibarren kontsumo arduratsurako dauden aukerak zabaltzea sustatu nahi du. Izan ere, kanpainaren leloak dioen bezala: “Ohitura txikiek herria eraldatzen dute.”