Alfa MIMtech, txikitasunetik handitasuna aurkituz
Ia hutsetik hasi zuen ibilbidea Alfa MIMtech enpresak orain dela 20 urte eta, poliki-poliki, eurek lantzen dituzten piezek duten altzairuaren bezalako sendotasuna lortu du gaur egun, estatuan sektoreko erreferente bihurtu arte. Horren erakusle da orain dela egun batzuk Toribio Echevarria sarietan jasotako Iñaki Goenaga aitorpena. Asier Agirrebeña gerenteak eta Ainara Askasibar zuzendari komertzialak egin digute harrera, eta, enpresaren historia eta bertan egiten dutena azaltzeaz gain, lantegia erakutsi digute.
Agirrebeña eta Askasibar oso pozik agertu dira Iñaki Goenaga saria jasotzeagatik. “Hunkigarria izan da”, diosku bigarrenak. “Orain dela lau urte Alfak sari berbera jaso zuen bere mendeurrenean, eta aurten Alfa MIMtech-ek jasotzea sorpresa izan da, baina momentu berezian etorri da, 20 urte bete ditugulako”, zehazten du Agirrebeñak.
Alfa MIMtech-ek Alfa Microfusión-en spin-off bat bezala (produktu deribatu bat) hasi zuen ibilbidea. “Oso makina eta pertsona gutxirekin hasi ginen, eta ibilbidea nahiko gogorra izan da. Basamortua zeharkatzea bezala”, zuzendari komertzialaren berbetan. “Hasieran ez genuen bezerorik eta gutxinaka joan ginen lortzen. Oso teknologia berezia eta oso modernoa delako, baina ez oso ezaguna, eta horrek denbora bat eskatzen du”.
Europan erreferente
MIM (Metal Injection Moulding) termoplastikoen injekzioan malgutasuna eta produktibitatea, eta, aldi berean, pieza metalikoen prestazio mekanikoak eskaintzen dituen prozesua da. “Funtsean, altzairuzko pieza txikiak egiten ditugu, produktibitate handiarekin eta geometria zailekin. Hori lortzeko, gaur egun ez dago MIM baino teknologia hobeagorik”, azaldu digu Agirrebeñak.
Labur azalduta, piezak egiteko honelako prozesua jarraitzen dute: “Altzairua, hauts forman, plastiko batekin nahasten dugu eta hor sortzen den materiala plastikozko injektoreetan erabili daiteke, moldeetan sartzeko.
Moldeek piezen geometria izaten dute, eta, horrela, materialak forma hori hartzen du. Moldeetatik irteten diren piezek altzairua eta plastikoa izaten dute eta, plastikoa kentzeko, azidoa sartzen diegu. Horrela, tamaina bereko piezak lortzen ditugu, baina plastiko barik. Pieza horiek oso hauskorrak direnez (hondarrezko gazteluak bezala), labean sartzen ditugu. Bertan piezak sinterizatu egiten dira, hau da, solidotu. Hori bai, tamaina txikiagoan irteten dira eta hor sartzen da horrelako gauzak egiteko jakintza. Azkenean, piezek ez dute ia porositaterik, eta horrek propietate mekaniko bikainak ematen dizkie”.
Euren jarduna hasi aurretik, Santanderreko enpresa batek teknologia berdina erabiltzen zuen. “Gaur egun enpresa biok gara Espainian teknologia hau garatzen dugunak”, gerenteak dioenez. Hori horrela izateko, gure inguruan dugun ekosistema industriala berebizikoa dela iruditzen zaio: “Industria eta metalurgia kultura handia dago hemen, eta hori berebizikoa da MIM teknologia garatzeko. Gainera, gure hornitzaileak bertakoak dira, eurekin oso harreman estua dugu, eta piezak amaitzeko prozesu batzuk egiteko baliabideak ere inguruan aurkitzen ditugu”.
Mundu osoko bezeroak dituzte, eta azken urteetan eskaera ugari jaso dituzte. Horrela, enpresak izan duen hazkundea handia izan da, ia-ia gehiegizkoa. “2021ean gure hazkundea azeleratuegia izan zen. Ia %100 hazi ginen eta hori ez da ona. Gero merkatua erregulatu egiten delako eta edozein jaitsiera gogorra delako. Orain modu mailakatuan hazten saiatzen ari gara, urtero %15 inguru”, azaldu digu bikoteak.
Alfaren lekuko
Alfak herrian izan duen garrantzia aipatzea soberan dago eta, Grupo Alfa osatzen zuten beste enpresa guztiak saldu ondoren, gaur egun Alfa MIMtech da Alfaren barruan dagoen enpresa bakarra.
Hasieran bi lagunek osatzen zuten Alfa MIMtech, eta Alfa Microfusiónekin partekatzen zituzten baliabide asko. Gaur egun, ostera, 29 langile daude plantillan, gehienak eibartarrak. “Gainera, eskuzko lana egiteko, Katea Legaiako 16 lagun ari dira gurekin”, zehazten du Agirrebeñak.
Enpresa Torrekuan dago, Alfako eraikinaren 3. solairuan; hazten ari badira ere, etorkizuna bertan ikusten dute Agirrebeñak eta Askasibarrek. “Gure etorkizuna Eibarren dago. Edifizioa Alfarena da eta, beste solairuak libre egonik, bertan hazteko aukera dugu”, azpimarratu digute.