Alfako beharginek manifestazioa egin zuten zapatuan
Alfako enpresa batzordeak deituta, zapatuan manifestazio jendetsuak zeharkatu zuen herria. Aurreko astean beharginen ordezkariek egin zuten agerraldian azaldu zutenez, "Alfako zuzendaritzak, azken lan erreformaren babespean, soldata %10 jaitsi nahi die beharginei. Neurriak enpresaren etorkizunerako zein bertan dihardugunon lanpostuen etorkizunerako bermerik ez du eskaintzen, eta zuzendaritzak berak horrela aitortu digu". Enpresak duen benetako arazoa "aurrera eraman duten kudeaketa desegokia eta zorraren birfinantziazio eza" direla diote eta orain arte enpresako zuzendaritzak jarreran aldaketarik erakutsi ez duenez, manifestazioaz gain ordubeteko lanuzteak deituta daude errelebo guztietan gaurko, biharko eta hilaren 30erako. Horrekin batera, eguenerako lan-erreformaren kontra deituta dagoen greba orokorrari "babes osoa" emango diotela azaldu dute Alfako ordezkariek.