Alokairuko babes ofizialeko 36 etxebizitzaren sustapena bisitatu dute gaur goizean EAEko agintariek Fray Martin Mallea kalean
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Eibarko alkate Jon Iraolak Egazelai auzoan (Fray Martin Mallea kalea, 8) Visesa eraikitzen ari den alokairuko babes ofizialeko 36 etxebizitzaren sustapena bisitatu dute gaur goizean.
Proiektu horrek 4,83 milioi euroko aurrekontua du eraikuntzaren kontratarako eta lotutako urbanizaziorako (EPE), eta 2026. urtearen erdialderako amaituta egotea aurreikusten da. Proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza publikoen eraikuntzan mugarri bat da, energia-efizientzia hobetzen duen fatxada industrializatua baitu, eta, horri esker, epeak hobeto kontrolatuko dira eta ingurumen-inpaktua murriztuko da. Ekitaldian izan dira, halaber, Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyos eta Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindós, arkitektoez, obraren arduradunez eta proiektua idatzi duen taldeko zein eraikuntza-enpresako ordezkariez gain.
Azaldu dutenez, "Eibarko sustapen horretan ezarritako fatxada industrializatuko sistema aurrerapen nabarmena da Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza publikoak eraikitzeko moduan. Aldez aurretik ingurune kontrolatu, seguru eta inklusiboago batean fabrikatuta, fatxadak (akaberako kanpoko xafla, barruko isolamenduak eta altzairuzko profilen barne-egitura arina) obrara erabat amaituta iristen dira, eta, horrela, akatsak, hondakinak eta muntaketa-denborak minimizatzen dira; era horretan, astero eraikineko solairu baten itxitura osatu daiteke".
Hau da, kasu honetan, gero obran jartzen den gauza bakarra kartoi igeltsuzko (pladur) azken barne-xafla bat da. Soluzio horrek eraikinaren kalitatea eta jasangarritasuna hobetzen ditu, Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren eta trantsizio ekologikoaren arloetan dituen helburuekin bat eginez. Eraikuntzako enpresa publikoak horrelako teknika bat erabiltzen duen lehen aldia da,
"Eraikuntzaren industrializazioa ez da etorkizuna, oraina baizik", nabarmendu du Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok. Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan azaldu duenez, "modu kontrolatuagoan, ingurumen-inpaktu txikiagoarekin eta kalitate-estandarrak mantenduz eraikitzeko aukera ematen digu horrek. Eibarren proiektu honekin, beste urrats bat eman dugu etxebizitza publikoaren berrikuntzaren eta jasangarritasunaren aldeko gure apustuan", gaineratu du sailburuak.
Bi logelako 28 etxebizitza eta 3 logelako beste 8
Egazelaiko sustapenak alokairurako babes ofizialeko 36 etxebizitza ditu, horietatik 28 bi logelakoak (mugikortasun urriko pertsonei egokitutako bi etxebizitza barne) eta 8 hiru logelakoak. Satie Arquitectos SLP arduratu da proiektua idazteaz, eta Construcción Urdinberri SL enpresa, berriz, eraikuntzaz. Eraikinak diseinu trinkoa eta efizientea du, eta efizientzia handiko aireztapen-sistemak ditu; halaber, estalkian panel fotovoltaikoak ditu, energia berriztagarria sortzeko.
Fray Martin Mallea 8ren eraikuntza aurreikusitako egutegiaren arabera doa aurrera, eta 2026ko erdialdean amaitzea aurreikusten da. Proiektuak Europako Next Generation UE funtsen dirulaguntza jasotzen du, eta Europan sustatutako energia-efizientziaren eta digitalizazioaren helburuekin bat datorrela berresten du.
Eredu %100 elektrikoa
Sustapen honen funtsezko alderdietako bat energia-eredu jasangarriaren eta % 100 elektrikoaren aldeko apustua da. Energia-eskaria murrizteko estrategiari jarraituz, eraikinak hobekuntzak ditu isolamenduan, fluxu bikoitzeko aireztapena beroa berreskuratuz eta estankotasuna handituz. Neurri horiei esker, etxebizitzek gero eta energia gutxiago kontsumitzen dute, eta beharrezkoa den ekarpen minimoa sistema efizienteen bidez iturri berriztagarrietatik dator.
300 etxebizitza babestu berri Eibarren
Eibarko alkate Jon Iraolak azpimarratu duenez, "Udalak etxebizitza-eskubidearekin duen konpromiso irmoa berresten dugu, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin batera 300 etxebizitza babestu berri eraikitzeko lan eginez. Lankidetza horri esker, soluzio zehatzak eskainiko ditugu gazteek eta familiek gure hiria utzi gabe etxebizitza duinak eta eskuragarriak eduki ditzaten". Era berean, Iraolak aitortu duenez, "proiektu garrantzitsuenen artean hauek nabarmentzen dira: gazteentzako alokairurako eraikiko diren 19 apartamentuak Bittor Sarasketan, Egazelaiko 36 etxebizitzak eta Lapeyra tailer zaharrean —1.500.000 eurotan erosia— etorkizunean egingo diren 20 etxebizitzak". Gainera, iragarri duenez, "AIBE industria-eraikina gazteentzako zuzkidura-bizitoki bihurtuko dute, eta 200 BOE eraikiko dituzte Txontan".
1.212 alokairu-eskatzaile Etxebiden izena emanda
Gaur egun, Eibarren babes publikoko etxebizitza eskatzen duten 1.358 bizikidetza-unitate daude, eta horietatik 1.212 alokairu-erregimeneko izen-emateei dagozkie (921 erroldatuta + 291 erroldatu gabe).
Erregimen orokorreko babes ofizialeko alokairuko etxebizitza (BOE) baten esleipendunek egiaztatu beharreko gutxieneko diru-sarrerak 9.000 eurotik 45.022,57 eurora bitartekoak dira; eta Eibarri lotutako Etxebideko inskripzioen arabera, tipologia eta erregimen horretako etxebizitza eskatzen duten 761 bizikidetza-unitatek diru-sarrerak dituzte tarte horien artean (581 bizikidetza-unitate erroldatuak + 180 bizikidetza-unitate erroldatu gabeak).