Alternatiba langile boterea eraikitzea dela dio Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak
Eguaztena Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, urtero bezala mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko sindikatu nagusiek, eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere deialdia egin du: Bilboko Jesusen Bihotzetik hasiko da EHKSk deitutako manifestazioa, 13:00ean. Badago alternatiba. Langile boterea eraiki lelopean egin dute deialdia,“instituzioetako fartsatik harago alternatiba erreala badagoela adierazteko. Langile boterearen eraikuntza”.
Horren harira, Deba Bailarako Kontseilu Sozialistako kidea den Leire Garatek Maiatzaren Lehenari buruzko iritzi artikulua idatzi du, egunari buruzko irakurketarekin. Jarraian irakurri dezakezue.
Maiatzaren 1ean badago alternatiba!
Hauteskunde kanpaina pasa berri den honetan, non politikari profesionalei ahoa promesez betetzen zaien, beharrezkoa zaigu instituzioen alternatiba faltsua salatzea.
Batak zeinak besteak aldaketarako botoa eskatzen diguten arren, hautestontzietan ezer gutxi dago jokatzeko. Izan ere, EAEko trantsizio energetikorako politikak, hezkuntza politikak zein azpiegiturari dagozkionak, besteak beste, Europar Komisiotik ezarriak datoz.
Bestalde, krisialdi ekonomikoaren garaiotan oligarkiak finantzazio iturria itxi die estatuei eta honek zerbitzu publikoen desmantelamendua eragin du. Hori dela eta, osasun sistemaren pribatizazioak, lehen arretaren kolapsoak eta itxaron zerrenda amaigabeak ezaugarritzen ditu egungo osasun sistema publikoa.
Auzi honi aterabidea emateko alderdi instituzionalak alternatiba erreal bezela aurkezten badira ere, errealitatea bestelakoa da. Azken urteetan osasun aurrekontua handitu dela dioten arren, elite ekonomikoek kapitalari eusteko beharrezkoa duten inflazioa dela medio gastu erreala jetsi egin da. Horren adibide argia da lehen arretako gastua %10 beheratu izana. Bestalde, alderdi politiko guztiek gauzak aldatzeko borondate politikoa dutela dioten arren, osasun sitemaren pribatizazioa ahalbidetzen duen marko legalak, 15/97 legea edota osasun legearen 90. artikuluak bere horretan dihardute.
Etxebizitzaren auziari dagokionez, urte hasieran PSOE eta EH Bildu alderdiek etxegabetzeen moratoria 2025. urterarte luzatzea adostu zuten. Baina datuek kontrakoa diote, pandemiaren hasieran moratoria ezarri zenetik 3.000 etxegabetze exekutatu dira Hego Euskal Herrian, ia 3 egunean. Hauteskunde kanpaina hasi denetik, batzuek zein besteek etxebizitzaren auzian lortutako aurrerapausoez dihardute, bien bitartean, hilabete honetan Iruñan Etxebizitza Sindikatuko bost kide epaitu dituzte etxegabetze bat geratzen saiatzeagatik eta Azkoitian emakume bat eta bere seme-alabak alternatibarik gabe etxegabetu dituzte.
Eskubide politikoen urraketa, jazarpen polizialaren eta errepresioaren gorakada, marko penalaren gogortzea, aurrekontu militarraren indartzea eta nazioarteko eskalada belikoa. Oro har, estatuaren erreforma autoritarioaren aurrean aurkitzen gara, aurreko lerroetan aipaturikoak estatu kapitalistek euren dominazio mekanismoak indartzearen eta berregokitzearen ondorio zuzena direlarik.
Azkenik eta gutxietsi gabe, duela bi urte “inoizko gobernu aurerakoienak” ezarritako lan erreforma berriaz argipen bat. Erreforma honek, lan baldintzen okertzea gelditzetik urrun berau betikotu du kontratu-mota berrien bidez. Espainiako behin-behinekotasun tasak Europako bataz bestekoa baino altuagoa izaten jarraitzen du eta martxoan Espainiako Estatuan sinatutako kontratu guztien %20 baino ez dira lanaldi osoko kontratu mugagabeak izan. Gainera, kaleratze kolektiboak %50 hazi dira azken urtean.
Egoera errotik aldatzeko beraz, beharrezkoa zaigu intituzioen fartsatik kanpo antolatzea, gizartearen gehiegoaren pobretzeaz aberasten ari diren bankari eta enpresarien irabaziak expropiatzea eta baliabide publiko zein pribatuak langileon kontrolpean jartzea, langile botera eraikitzea hain zuzen.
Bide horretan, maiatzaren lehenan Bilboko kaleak hartuko ditugu alternatiba erreala badagoela adierazteko: langile boterearen eraikuntza.
Leire Garate (Deba Bailarako Kontseilu Sozialista)