Altzairuzko eskuak gure ongizaterako

Mendaroko ospitaleko urologia-zerbitzuan azken belaunaldiko robota erabiliko dute ebakuntzak egiteko hilaren 27tik aurrera
Altzairuzko eskuak gure ongizaterako
2025/03/21 12:53
eta kitto!

Punta-puntako robota instalatu dute Mendaroko Ospitaleko urologia-zerbitzuan, lehenengoa eskualde-ospitale batean. Martxoaren 27an jarriko dute martxan eta, Ganten (Belgika) azken prestakuntzak jasotzera joan aurretik, robota erabiltzeaz arduratuko diren Lore Agirreazaldegi eta Garazi Lopezekin egon gara teknologia berri horrek eragingo dituen aldaketen inguruan berba egiteko.

 

Hugo RAS (Robotic Assistance Surgery) izeneko robota ekarri dute Mendaroko ospitalera. Punta-puntako robota da eta laparoskopiako kirurgia egiteko laguntza eskaintzen die zirujauei. “Laparoskopiako kirurgia egiteko, pazienteen tripa CO2-arekin puztu egiten dugu eta kamera bat sartzen dugu barruan. Horrela, pantaila horren bitartez pazientearen barruan egongo bagina bezala ikusten dugu, hiru dimentsiotan”, zehazten du Lore Agirreazaldegi Mendaroko urologia-zerbitzuko mediku zirujauak.

Hugo bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu eta hasieran pentsa zitekeena baino txikiagoa dela ematen du, baina horren arrazoia eman digu Agirreazaldegik: “Hemen duguna kontsola da. Gero, metro inguruko lau torre ditugu, lau beso ezberdinekin, eta kontsola honetatik kontrolatzen da. Hemen dugun pantailak irudia hiru dimentsiotan ikusteko aukera ematen digu betaurreko batzuen bitartez begiratzen badugu. Gainera, ebakuntzak egiten direnean pazientearen alboan beste zirujau bat egongo da eta horrek beste pantaila batean ikusi ahal izango du egiten dena, kasu horretan bi dimentsiotan”.

Ebakuntzak egiten direnean, aparatu guztiak kirofanoan egongo dira. Hau da, medikuak ez du etxetik operatuko, pazientearen alboan egongo da, baina robot hau erabiltzen. Gainera, protokolo zurrunak jarraituko dituzte eta, makinak huts eginez gero, zirujauek orain arte egin bezala jarraitu ahal izango dute ebakuntzekin. “Azkenean, ematen du robotak operatzen duela, baina guk geuk operatzen dugu. Orduan, adibidez, zerbait kateatzen bada, makina deskonektatu egiten dugu eta orain arte egin dugun bezala operatzen jarraituko dugu laparoskopia bidez eta pantailan bi dimentsiotan ikusiz, azken urte hauetan egin den bezala. Hau da, ez du inongo arazorik eragingo”, argitzen digu Agirreazaldegik.

Mugimendu zehatzagoak

Hugok hainbat abantaila eskainiko dituela uste dute medikuek. “Robotarekin zirujauak hobeto operatuko du edo, behintzat, bere mugimenduak zehatzagoak izango dira, bere ikusmena hobea izango da, dardarak ekiditen ditu, erosoago jardungo dugu… Gero hori emaitzetan islatuko den? Baietz uste dugu”, Agirreazaldegiren iritziz. “Adibidez, prostatako minbizia kentzeko ebakuntzak albo-ondorioak izaten ditu (pixaren eta funtzio sexualaren galera, kasu) eta espero dugu orain kasu horietan horrelakoak ekiditea”, zirujauek esan digutenez. “Gutxienez, azkarrago hartuko dute gernuari eustea (kasuak kasu)”.

Momentuz urologia-zerbitzuan bakarrik erabili ahal izango dute robota. “Batez ere urologian ikusi direlako abantailak”, diosku Agirreazaldegik. Beraz, ohiko erabilera horrelako kasuetan egingo da: prostatektomia erradikala egiteko, giltzurruneko minbizia kentzeko, giltzurrunaren irteeran malformazioa dagoenean erreparatzeko, uretrako tumoreetan… “Prostatako minbizia operatzeko erabiliko da batez ere”, zehazten du Agirreazaldegik. Hau da, orain arte laparoskopia bitartez egiten ziren operazioak egiten jarraituko dute, baina robotaren laguntzarekin.

 

Profesionalen prestakuntza

Hilaren 27an hasiko dira Hugo robotarekin operatzen eta dagoeneko erabaki dute nola jardungo duten. “Garazi eta biok hasiko gara robotarekin ebakuntzak egiten. Lehenengo ebakuntzak nik egingo ditut eta bera laguntzailea izango da, eta gero aldatu egingo dugu, berak operatu eta nik lagundu, biok martxa hartzeko”, diosku Agirreazaldegik. Hamar urteko esperientzia du Txagorritxu ospitalean Da Vinci izeneko robotarekin lan egiten eta, robotak berdinak izan ez arren, antzekotasunak daude bien artean eta zirujauarentzat ez da zerotik hastea bezala izango.

Esperientzia asko da, baina prestakuntza ezinbestekoa izan da robota erabiltzen ikasteko. Horrela, kontsola bulegoan eduki dutenez, praktikatzen aritu dira orain arte. “Simulatzaileen bitartez ariketak egin ditugu trebetasuna hartzeko”, esan digute, eta aste honetan bi zirujauak Ganteko (Belgika) Orsi akademian izan dira robotaren inguruko azken entrenamendua jasotzen. Gero, hilaren 25ean, kirofanoan simulakro bat egingo dute, benetako operazio bat izango balitz bezala jarduteko eta azken zalantzak argitzeko. “Gainera, lehen ebakuntzetan tutore bat izango dugu, Tarrasako (Katalunia) ospitaleko urologo bat, robotarekin esperientzia gehiago duena, eta badaezpada egongo da bertan”, argitu digu Agirreazaldegik.

Zirujauez gain, erizainek ere prestakuntza jaso behar izan dute. “Robotaren lau besoak esterilizatu egin behar dira eta, horretarako, plastiko batekin jantzi behar dituzte modu zehatz batean”, azaldu digute.

Itxaron-zerrendak behera?

EAE-ko probintzietako hiriburuetan badaude antzeko robotak, baina hau da eskualde-ospitale batean instalatzen den lehengoa. “Izan daiteke gugan konfiantza dutelako jarri dutela hemen, baina ez dakit, ez dut uste horregatik denik”, diosku Agirreazaldegik. Eta zergatik orduan? “Gai politiko batengatik, ziur aski. Hau hemen dago egon behar delako. Baina gugan konfiatzen dutela? Ba bai, esperientzia dugulako operatzen. Robota erabiltzeko gaitasuna dugu eta aprobetxatuko dugu”, argitzen du.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek orain dela hilabete egindako bisitan aipatu zuenez, horrelako ekipamenduen bitartez pazienteen kopurua handitzea eta itxaron-zerrendak murriztea lortuko litzateke, baina Agirreazaldegik eta Lopezek tentuz jokatu nahi dute. Are gehiago, hasieran alderantziz gertatuko dela uste dute: “Robotera egokitzea kostatu egingo zaigu eta hasieran gehiago iraungo dugu ebakuntza bat egiten. Gero, ez dakit azkarrago egingo dugun, kontua da gauzak hobeto egingo ditugula”.

Robotaren erabilerak ekarriko dituen eraginak zeintzuk izango diren ikusteko dagoen arren, seguru dena da urologia-zerbitzuaren berrantolaketa ekarri duela. Gaur egun bost lagun daude bertan lanean, baina bat bajan dago. “Ezin gara orain arte bezala antolatu. Izan ere, robotaren erabilerak ikasketa-kurba bat du eta, esaterako, zirujauek 12 kasu behar izango dituzte ikasketaren gorenera heltzeko. Orduan, Garazi eta biok hasiko garenez, eguenetan, ebakuntzak egiten diren egunetan, gu egon beharko gara beti”, diosku Agirrezaldegik. “Lehen ez zen horrela, denok egiten genuelako dena, denok ditugulako gaitasun berdinak”, zehazten du Lopezek. Horrela, urologiako beste bi zirujauek itxaron egin beharko dute robota erabiltzen hasteko.

Badago urologia-zerbitzuaren langile-kopurua handitzeko aukera, baina arazoa mediku falta da. “Ez dago medikurik, ez dago urologorik, hemen beste lankide gehiago sartzeko gaitasuna dagoen arren”, azaldu digute. “Horrek gure lan-baldintzetan eragiten du. Izan ere, taldean baja bat izan dugu eta hilabeteak daramatzagu lauron artean lan guztia egiten”, diosku Lopezek. Eta Agirreazaldegik zera gehitzen du: “Gainera, kontsultetan ez dugu Debabarreneko jendea bakarrik ikusten, Zumaia, Getaria eta Zestoako jendea ere hartzen dugu. Orduan, kasu honetan teknologian inbertsioa egin da eta pozik gaude, baina arazo handiena oinarrian dago eta momentuz makinek ez dute hori konponduko”.