Altzolako bizilagunak Arartekoaren bulegoan izan dira tren geltokia defendatzen

1997tik gaur egunera arte Altzolako tren geltokiaren inguruan izan den bilakaera azaldu zuten plataformako kideek
Altzolako bizilagunak Arartekoaren bulegoan izan dira tren geltokia defendatzen
2024/10/24 11:50
eta kitto!

Altzolako tren geltokiaren plataformako kideek Arartekoaren bulegoan (Gasteizen) bilera izan dute tren geltokiaren inguruan berba egiteko, Barren aldizkariak jakinarazi duenez. Manuel Lezertua Arartekoa Estrasburgon zegoenez, Faustino Lopez de Foronda (idazkari nagusia), Carlos Barcina (hirigintza eta ingurumena), Miren Bruño (herri lan eta garraio saila) eta Iosune Etxeberriarekin (teknikaria) batu ziren, eta 1997tik gaur egunera arte Altzolako tren geltokiaren inguruan izan den bilakaera azaldu zieten.

 

Bi jardunbide

Bilerak bi ordu iraun zuen eta azalpenen ondoren bi jardunbide irekiko zituztela erabaki zuten:

  1.  Euskal Trenbide Sareak hasierako proiektutik estazioa ezabatu zuen 12 hilabeteetan herritarren partaidetzarik ez izatea. "Parte-hartzea herritarrok dugun eskubidea da, eta administrazio publikoen betebeharra da prozesu horiek abian jartzea", adierazi dute plataformako kideek. "Aipaturiko betebehar horiek ez ziren bete ETSk hasierako proiektutik geltokia kentzeko azterlana garatzen eman zituen 12 hilabeteetan", adierazi dute.
  2. Geltokia ezabatzen duen proiektua Euskal Herriko Boletin Ofizialean ez argitaratzea. Izan ere, horrek herritarrei alegazioak aurkeztea galarazi zien. "Zalantzarik gabe, egingo genituen, proiektu honetan geltokia ezabatzen dela jakin izan bagenu. Erakunde publikoen betebeharra da boletinaren bidez herritarrei jakinaraztea aurreko proiektuarekiko funtsezko aldaketa dakarten proiektuak. Trenbidearen ibilbidea aldatzeko aurrez egon ziren bi proiektuei buruzkoak argitaratu zituzten bezalaxe", esan dute. Gainera, euren ustez, pisuzko arrazoi bat egon behar da Altzola geltoki gabe lagatzea moduko aldaketa bat eman dadin. "Kasu honetan, ez dago oinarririk, sendoa behar lukeenean. Ez dago erabaki hori justifikatzen duen txosten bakar bat ere".

 

6.000 sinadura

Barrenek jasotzen duenez, plataformako kideek Elgoibarko alkate izandako Ane Beitiak prozesu honetan izandako paperean ere jarri zuten fokua Arartekoaren bulegoan: "2015ean Altzolako geltokia kentzea aurreikusten zuen trenbidea aldatzeko proiektua jaso zuen, eta ez zuen ezer egin 2022ra arte, behin betiko proiektua iritsi zen arte. Gainera, 2023ko hauteskundeak baino hilabete batzuk lehenago plataformako hiru kideri esan zien urte horretara arte (2022) ez zuela jakin Eusko Jaurlaritzak proiektutik geltokia ezabatu zuenik, horren berri 2015eko txostenean jasota zegoen arren. Arartekoarenean zeharo harritu ziren honen berri eman genienean".

Geltokiari bere horretan eustearen aldeko aldeko 6.000 sinadura baino gehiago bildu ditu plataformak, eta Altzolako tren geltokia ez kentzeaz gain, geltoki berri eta irisgarria egitea dute helburu. Horrela, aurrera begira, Arartekoaren espedientea eduki ala ez, Susana Garcia Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuari eskatuko diote bilera.

 

Argazkia: Barren