Amaia Iturri (Egoaizia): “Jendea kontsumo arduratsuaz jabetzea da asmoa”

Amaia Iturri (Egoaizia): “Jendea kontsumo arduratsuaz jabetzea da asmoa”
2016/05/13 12:17
eta kitto!
Astelehenean Egoaizia GGKE-aren eta Aldatzen bolondres taldearen ekimenez abiatu zen Kontsumo Arduratsuaren Astearen barruan, ekitaldi nagusia bihar goizean izango da, 10:30etik aurrera anbulatorio pareko parkean. "Kontsumo arduratsua martxan jarri!" goiburuarekin helburu bikoitza lortu nahi dute: "Naturarekiko errespetu eta zainketan eta justizia soziala oinarri duen kontsumo eredu alternatiboa ezagutaraztea. Eta, horrekin batera, Eibarko herritarrengan kontsumo arduratsua bultzatzea". Horren guztiaren berri eman digu Egoaiziako Amaia Iturrik.

- Zer prestatu duzue Kontsumo Arduratsuaren I. Asterako?
Udaletxeko harreran erakusketak ipini ditugu eta bihar, berriz, 10:30etik 14:00etara anbulatorioko parkean egongo gara, bidezko merkataritzako eta tokian tokiko elikagai ekologikoen erakusketa eta salmentarako postuarekin. Horrekin batera, 12:00etan elikagaien dastaketa eskainiko da, 12:00etatik 13:00era "Hazidun bonben" tailerra egingo da, 7 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, Ekologistak Martxan-en eskutik eta 14:00etan saskia zozketatuko dugu. Ekimena antolatzeko hainbat eragilerekin elkarlanean jardun dugu: Kidenda, EHNE Bizkaia, Aza Ta Porrua Eibarko Kontsumo Ekologiko Taldea, Bizilur eta Estatu mailako Bidezko Merkataritzako Koordinakundeak hartu dute parte.

- Nondik nora sortu da ekimena?
Ekimena “Hezkuntza unibertsala, gure konpromezua Iparraldean eta Hegoaldean”, Egoaizia GGKE-k eta ALDATZENek elkarlanean garatzen duten proiektuaren barnean txertatzen da. Orain dela sei urte abiatutako proiektuak Udalaren eta Aldatze ikastetxeko Guraso Elkartearen babesa dauka eta bi dira ardatz nagusiak: bizitza eredu alternatiboak sustatzeko asmoz ikasle eta gurasoen eskutik hilean bi zapatutan Bilboko Kidendatik ekarritako produktuekin egiten den salmenta. Eta, horrekin batera, Cuzcon nekazal-giroko eskolei laguntzeko egiten den lana.

- Zeintzuk dira Bidezko Merkataritza kontsumitzeko arrazoi nagusiak?
Zerrenda luzea da: lan baldintza egokiak, naturarekiko zaintza berezia, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, produktuak ekologikoak eta kalitate handikoak direla, umeen esplotaziorik ez dagoela, jasangarritasuna, etekinen zati bat komunitatera joaten dela…

- Horrekin batera, tokian tokikoari ere garrantzia ematen diozue, ezta?
Hala da, ahal dela garaian garaikoa eta tokian tokikoa kontsumitzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Eibarren, adibidez, Aza Ta Porrua kontsumitzaileen kooperatibak horretarako aukera eskaintzen du. Bazkideek astean birritan inguruko barazkiak eta bertako produktuak erosteko aukera daukate eta, bestela, kafea, kakaoa eta horrelakoak Bidezko Merkataritzatik ekartzen dituzte.

kontsumo arduratsu (4)