Amaia Ugarte: “Askok ez dute profesionalak ikusten, futbolean jokatzen duten neskak baizik”
Emakumezkoen futbola ate joka indartsu dabilen honetan, aukera aprobetxatu dugu Amaia Ugarte kazetari eibartarrarekin egoteko. Oso gertutik jarraitzen du futbol hori eta abuztuan ere jarraipen zehatza egin dio Mundialari, Gara egunkarian eguneroko kronikak eginez.
Inguruan baduzu emakumezkoen futbola zuk bezain beste jarraitzen duenik? Zergatik egin duzu horren aldeko apustua?
Lanetik kanpo gutxi, egia esateko. Baina Garan izan genuen nagusi bat, Juan Carlos Elorza zena, emakumearen kirolaren aldeko apostu sendoa bideratu zuena. Hori dela-eta, izango dira 12 bat urte aurrerapausoa eman genuela, astero sekzio bat emakumezkoaren futbolari eskaintzeko. Futbolaren garapenak eta eskutik joan den arreta orokorrak gure dedikazioa ere zabaltzera eraman gaitu. Baina ez zen nire apostua izan.
Zein desberdintasun nabarmenduko zenuke, izatekotan, gizonezkoen futbolarekiko? Jokoa ez da garbiagoa, akaso?
Beste kiroletan suertatzen den antzera, argi dago gizonezkoak indartsuagoak eta azkarragoak direla. Baina alde hori kontuan izanda ere, orain aldeak txikiagotzen doaz formazio prozesuan haiek izaten dituzten erraztasunera emakumezkoak gerturatzen doazen neurrian. Profesional mailako partiduetan, momentuz behintzat, emakumezkoen jokoa garbiagoa da, eten gutxiago izaten da, jarraikortasun handiagoa dute... eta urtetik urtera asko hobetzen doa. Azken Mundialaren bueltan askok esan didate "zein azkar jokatzen duten, zelako jokaldi politak...". Baliabide gehiagorekin, umetatik hasita, hobekuntza teknikoak ere nabaritzen dira prozesuaren amaieran.
Aldeei eutsiz, igual handiagoak dira zelai kanpokoak, ezta? Entrenamenduetarako egokitasuna, nutrizionisten beharra eta halakoen falta, esaterako.
Askok diote zelan eskatu daitekeen kobratzea produzitzen ez dena. Baina jokalariek eurek ere ez dute eskatzen gizonezkoen soldata berberak. Megan Rapinoe estatubatuarrak (munduko jokalari onena izandakoa) ere argi dio, eskatzen dena dela neskek hasieratik euren afizioa garatzeko antzerako baliabideak izatea. Hau da, ez izatea azkenak entrenatzen, dutxatzeko ere ur berorik gabe, zelai kaxkarrenetan ez jardutea, esperientzia gutxien duten entrenatzaileekin. Formazioan aukera berdina eskainiz, hobekuntza asko nabaritzen da.
Gustora geratu zara Australia eta Zeelanda Berriko Mundialarekin? Zeozer berezirik bota duzu faltan?
Bai, kirol arloan ederra izan da. Bazegoen hor zalantza: lehen aldiz 32 selekzio izanik Mundialean, ea ahulenek zelan erantzungo zuketen. Bada asmatu dute, euren arteko aldeak asko murriztu direlako. Orokorrean, belaunaldi berriekin asko aurreratu dute selekzio guztiek. Oraindik oztopo haundiak gainditu behar badituzte ere, teknikoki asko egin da aurrera eta ezin da ahaztu nutrizionista, psikologo, sendagile eta beste hainbat arlotako laguntza.
Zein hitzekin laburbilduko zenuke ekitaldia? Arrakastatsua izan da? Ezustekoek ere izan dute pisua azken emaitzetan?
Gauza biak: arrakastasua izan da eta ezustekoak ez dira falta izan. Jarraipenari begira, marka guztiak hautsi dira: Australian lepo bete zirelako estadioak, eta Zeelanda Berrian ere jendetza izan zelako. Telebistan izandako jarraipena ere sekulakoa izan zen Australian. Europan ere ondo egon da, nahiz eta partiduak jokatzen ziren ordutegiak arazo izan diren guretzat askotan, hemen desorduetan egokituta. Sare sozialetan ere asko jarraitu da Mundiala. Ezustekoak, bestalde, ez dira gutxi izan; orain arte atzerago zeudenak gero eta gertuago direlako. Abiadura desberdinetan ematen bada ere, indarrak berdintze horrek mesede besterik ez dio egiten kirolari, emozioa handitzeaz batera.
Selekzio bat aipatzekotan, zeinekin geratuko zinateke? Zergatik? Dezepziorik izan duzu bateren batekin?
Espainiak izan duen papera nabarmendu behar da, ikusita aurretik zer historia zuen. Oso ondo jokatu dute, eta batez ere kanporaketetan erakutsi dute joko bikaina. Japoniaren jokoak Oliver eta Benji gogorarazi zizkidan, marrazki bizidunena. Denetariko jokoa izan da, eta talde ahulagoek ere jakin izan dute gauza politak erakusten. Dezepzioa, izatekotan, AEBena izan daiteke, ia orain arte munduko selekzio handiena izan delako; egia esan, zalantza askorekin heldu ziren, jende asko falta zitzaien, eta belaunaldi aldaketa ere izan dute. Pena hartu dut Alemaniarekin ere, euren zalea naizelako eta aurreko Eurokopan, finalista izateaz aparte, joko bikaina erakutsi zuelako. Lau faborito nituen: aipatutako AEB eta Alemaniarekin batera, behintzat brontzea bereganatu duen Suedia eta finala galdu zuen Ingalaterra. Hain gaizki ere ez nintzen ibili.
Taldeen arteko parekotasunak gora egin du? Joko estiloetan ikusi duzu alderik?
Guztiek dute euren nortasuna; batzuk joko intentsoagoarekin, beste batzuk baloia ikutzerakoan, kontraerasora gustora dabiltzanak ere badira... UEFAk entrenatzaile onena izendatu duen Sarina Wiegman, Ingalaterrako hautatzailea, asko gustatzen zait joko desberdina eskatzen duten partiduetara bikain moldatzen delako horiek eskatzen dutenera.
Afrikako taldeak, bereziki, zelan ikusi dituzu?
Argi dago aurrera egin dutela. Hegoafrika lehenengoz sailkatu da kanporaketak jokatzeko; Nigeria bigarrenez sartu da finalaurrenetan eta penaltietan galdu zuen Ingalaterrarekin, partiduan zehar gehiago izanda; eta Zambiak ere borrokatu du, arazo asko izan baditu ere kirol zein kirol kanpoko arloetan.
Zelako lana egin dute Eibar FT-n jardundako jokalariek: Thenbi, Kundananji, Matlou...?
Thembi izarretako bat izan da, hemen gozatu genuenaren aurrean izan gara berriro. Atletico de Madrid taldean ez zuen horrelako zorterik izan eta, ondoren, AEB-etan lesio larria izan zuen, baina errekuperatu da. Hegoafrikan taldekide izan duen Noko Matlou Eibar FT-ko defentsa hirugarren partiduan sartu zen lehian, maila ona emanda. Azkenik, Zambiako Racheal Kundananjik ikusgarri jokatu du, beti bezala. Bera ikusteko aukera izan dezakegu ligako lehen partiduan, Madrid taldearekin etorriko baita Ipuruara.
Zelako jarraipena izan du Mundialak: asistentzia maila partiduetara, telebista bidezko audientziak...?
Marka guztiak hautsi dira Mundial honetan, egia bada ere partidu gehiago izan direla; baina batazbesteko kopuruak gora egin du nabarmenki, batez ere Australian. Emaitza horiek ikusita, bertako gobernuak 200 milioi dolar ipini ditu kirola orokorrean hartuta programa bat abiatzeko. Australia osoa batu da selekzioarekin.
Zelan kalifikatuko zenuke FIFAren jarduera? Aurreko Mundialean emandakoa hirukoiztu arren, 140 milioi euroak iazko Qatar-eko Mundialeko 404tik urrun geratzen dira, ezta?
Sarien aldetik ondo ikusi dut aurrerapausoa; gainera, hurrengo Mundialetarako badago asmoa gizonezkoen eta emakumezkoen sariak berdintzearena. Ingresoak berdinak ez izatean... Badira beste gauza batzuk zatarrago ikusi ditudanak: ortzadar besokoak debekatzea, aldarrikapen batzuk egiten ez lagatzea, Infantino FIFAko presidentearen adierazpen batzuk...
Azkenean Europar Batasuneko Radiodifusionekin akordioa lortu bazen ere, ez da lotsagarria TVEk milioi bat euro eskaintzea iaz Qatar-ekoarengatik 32 milioi ordaindu zituenean?
Ezin da konparatu. Batzuetan apostuak egin behar dira, eta honakoan ez dakit ez den egon propaganda gehiago benetako apostua baino. Hasieran ez zen egon, eta gero behartuta. Europako telebista publikoekin batuta, azkenean 64 partidutik 25 eskaini ditu TVEk: lehen fasean, egunero jokatzen ziren lautik bat, eta ondoren, kanporaketetan bana. Aldiz, orain dela lau urte Golek hartu zituen Frantziako Mundialaren eskubideak eta partidu guztiak eman zituzten. Eta Iparraldeko lagunek partidu guztiak ikusteko aukera izan dutenean, guk FIFAko web orrira jo behar izan dugu, TVEk euren web orrian ere ez zituelako eskaintzen.
Espainiako RFEF-k munduko txapeldun izandako bakoitzari 248.000 euro ematea zelan ikusi duzu?
Lehen aldia da, eta bazen ordua. Baina gero ikusi behar da diru hori jokalariei ematen zaien edo federazio bakoitzari, hortik hainbat arazo sor daitezkeelako. Lehen ere izan dira horrelakoak, eta Zambiaren kasuan horrelakorik ere izan da, beste gauza larriago batzuekin batera.
Maider Castillo gure herriko jokalari-ohia eta Levante taldeko zuzendari nagusiak honakoa dio: “Emakumezkoen futbolak ez du sortzen gastatzeko eskatzen zaiona”. Zer irizten diozu?
Jokalari izandakoa dugu Maider, oso ona gainera, garai txarretan futboletik bizitzea lortu zuena. Orain, jakina, klubaren barrutik beste ikuspuntu bat dauka. Eta arrazoia ere badu, gaur egun hemengo Ligako talde guztiak defizitarioak direlako, Bartzelona kenduta. Hori lekuen arabera ere bada, AEB-etan sortzen duelako, bai, diru hori. Dena dela, profesionalizazioarekin gauza politak lortu dira dagoeneko: telebista eskubideak hor daude, komertzializazio bidea zabaldu da... Federazioa izan da hor oztopo, dirua kendu eta kendu ibili delako, CSD-k (Kiroletako Kontseilu Gorena) beste aldera begiratzen zuen bitartean. 2020an hitzarmena sinatu zutenez, jokalariek arrazoia dute... baina ingresoak direnak dira.
Mundialeko txapeldunei itzala egin dien affaire-arekin emakumezkoen futbolak irabaztekorik baduela uste duzu? Matxismoa, paternalismoa eta halakoak orokorrean gizartean baino presentzia handiagoa dute arlo horretan?
Seguruenik bai, futbola oso mundu maskulinoa delako. Nire sentsazioa da federatiboek, klubek, kazetariek, ikusleek... ez dituztela kirolari profesionalak ikusten, futbolean jokatzen duten neskak baizik. "Ondo tratatzen ditugu" diote, baina ez da gauza bera, profesionalak dira-eta. Azken affaire horretan aurretik Espainiako selekzioak zekarren historia eta Rubialesen nortasuna batu dira. Hala ere, hori guztia lagungarri izan daiteke. Eztabaida sortu du, eta ez bakarrik futbolean: keinu horiek normalak dira? Ez hainbeste? Gazteetan pentsatzen dudanean, alde horretatik begiratuta hausnarketa egokia deritzot. Futbolari mesede egingo dion? Datorren urtean esango dizut.
Mundialak izango du eraginik emakumezkoen futbola zabaltzeari begira? Espainiak irabazteak, Putellasen Urrezko Baloia... halakoek bultza dezakete gure inguruan gero eta neska gehiago gerturatzea futbolera?
Argi dago bestela ere zaletasuna goraka doala. Ipuruan neskato asko ikusten dira partiduetan, Eibarko futbol eskolan ere nabaritzen da hori, fitxak ere hazten doaz. Eta kuriositatez telebista piztu duenak ere ikusi du ondo jokatzen dutela. Partidu txarrak ere badaude, baina gizonezkoetan bezala.
Zelan ikusten duzu Eibar FT-k berreskuratu duen gorengo mailan? Osatu duen taldearekin itxaropentsu zaude denboraldi berriari begira?
Oso pozik, kazetari zein zaletu mailan. Ipuruan sekulako taldeak ikusteko aukera izango dugulako; ea zenbat jende gerturatzen den. Lehen esandakoaren bidetik, emakumezkoen futbolak badu beste giro bat, jende desberdina batzen da: familia asko izaten da, ume asko. Publikoaren jarrera ere bestelakoa da: zelai barruan garbiagoa bada, harmailetan ere arnasten da giro hori.
Azkenik, datorren asteburuan hastekoa den Ligaren aurrean greba deialdia zabaldu da. Zelan ikusten duzu egoera? Aurrera egiteko oztopoz beterik?
Oztopoak ez dira gutxi izango. Gaur (astelehenean) kontziliazio-ekitaldia dute eta seguruenik grebara helduko dira. Konponketa ez da erraza, arrazoia alde bietan dagoelako, eztabaida gehienetan bezala. Onartutako hitzarmenean soldata oso baxuak ziren, ingresoak ere ez dira hain altuak, eta Federazioak bi urtetan dirua kendu besterik ez du egin, kluben kalterako, CSDk eta Gobernuak beste aldera begiratzen zuten bitartean. Espainian Liga Profesionalaren sorrera erreminta bereziena izan da futbola garatzeko.