Amaña eta San Andres ikastetxeek ate-irekien jardunaldiak antolatu dituzte biharko
Otsailaren 3an zabalduko da 2025-2026 ikasturterako aurrematrikulazioa Euskal Eskola Publikoan eta, horrekin batera, ikastetxe askok ate-irekien jardunaldiak prestatu dituzte, lehen aldiz eskolara joango diren haur eta familiek eskola zelakoa den bertatik bertara ikusi dezaten. Hala egingo du bihar Amaña herri ikastetxeak, 10:30etik 13:30era. Bertako Guraso Elkartetik herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte: “Tailerrak, ipuin-kontalariak, jolasak, musika... denetarik izango dugu. Eta eskola beste egunen batean bisitatzeko arazorik ez dago, ikastetxearekin kontaktuan ipini eta hitzordu pertsonalizatua emango diegu”.
San Andres herri ikastetxeak ere bihar egingo ditu ate irekien jardunaldiak, 16:30etik 19:30era. Hor ere jolasak, ikasleen erakustaldiak, tailerrak... egongo dira. Eta, datorren asteburuan, Aldatze ikastetxearen txanda izango da, ate-irekiak otsailaren 8an ospatuko ditu eta.
Gogobetetze-maila altuak
2025-2026 ikasturterako aurrematrikula-prozesua abiatzearekin batera, informazio-kanpaina ipini dute martxan Hezkuntza Sailetik. Horren harira egin dituzten adierazpenen arabera, euskal eskola publikoan matrikulatzeko baldintzek gogobetetze-maila altuak lortu dituzte: “Datorren ikasturterako onarpen-prozesuak jarraipena emango die egindako berrikuntzei eta neurriei, ikasleen eskolatze orekatuagoa sustatzeko helburuarekin. 2024-2025 ikasturte honetan, familien % 94,7k ikusi dute beren seme-alabak matrikulatzeko lehentasunezko aukera bete dela”. Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak azaldu duenez, “eskola-segregazioari aurre egiteko neurriak aplikatzen jarraituko da, eta 2, 3 eta 4 urteko geletan plazen erreserba ere aplikatuko da”.