Amaña Gabonetan girotzeko jarduerak antolatu dituzte tabernariek

Amaña Gabonetan girotzeko jarduerak antolatu dituzte tabernariek
2015/12/24 14:11
eta kitto!
Gabonak modu berezian girotu nahi izan dituzte Amañako tabernariek, horretarako hainbat ekimen berezi prestatuta. Gaur ekingo diote egitarauari,  auzoko kaleetan trikitilariek egindako kalejirarekin eta eurekin bat egitera animatzen diren guztiei panderetak oparituta. Gainera, ekimenarekin bat egin duten tabernetan kaba kopa eta kiskillak 1'5 eurotan hartzeko aukera egongo da. Datorren eguenean (31n), berriz, umeendako zirko-tailerra eta jolasak eskainiko dituzte Zirika Zirkus-ekoek (elebidun), Amañako pasealeku berrian (Kutxa parean) 17:00etatik 18:30era bitartean; eta jarraian, 19:00etatik 21:00etara Sorkun eta Jon trikitilariak auzoko kaleak girotzen ibiliko dira. Gainera, gaur egindakoaren bidetik, tabernetan kaba kopa eta kiskillak 1'5 eurotan eskainiko dituzte. Eta jaiak agurtu aurretik, urtarrilaren 6rako "Bermuteke" jardunaldia antolatu dute, nahi duenak artisau erara egindako bermuta dastatzeko aukera izateko.